argia.eus
INPRIMATU
Sexuz aldatzeko bidean diren ikasleen identitate berria hartuko da aintzat Andaluziako ikastetxeetako agirietan
  • Ikasleen fitxak biltzen dituen Andaluziako sistema informatikoak aukera berri bat jarri du martxan: sexu identitatea aldatzeko bidean diren ikasleek jaio zireneko izena eta sexua jartzeaz gain, identitate berriari dagozkion izena eta sexua jarri ahalko dute, eta identitate berri hori erabiliko da erregistro, funtzio eta agiri guztietan. Uneotan, 250 ikaslek baino gehiagok baliatuko dute aukera hau Andaluzian.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko martxoaren 02a

Oraindik dokumentu ofizialetan identitate aldaketa burututa ez izan arren, nahi hori errespetatzea eta ikastetxeko komunikazio eta agirietan ikaslearen identitate berria aintzat hartzea da helburua, arlo honetan ohikoak diren akatsak saihesteko –izen biologikoa erabiltzea, adibidez–. Andaluziako Hezkuntza sailak ikastetxeei jakinarazi die hala jokatu behar dutela hemendik aurrera, eta Eldiario.es-ek eman du horren berri.

Sistema informatikoak ikasle guztiei ematen die identitate berriaz informatzeko aukera: Haur Hezkuntzatik hasi eta derrigorrezko hezkuntza osteko ikasketetaraino. Gurasoek aspaldi egindako eskaerari erantzuten dio berrikuntzak, eta 250 ikasle baino gehiago daude egoera horretan Andaluzian, Gobernuko iturrien arabera.

Datuak ez dira publikoak eta irakasleek eta administrazio publikoak baino ez dute horien berri. Familiek beren seme-alaben fitxak ere irakurri ditzakete.