argia.eus
INPRIMATU
Ane Ortiz Ballesteros, sexologoa
“Sexualitateaz eta teknologiaz hitz egitea ez da aukera bat, beharra baizik”
  • "Pornografiaren aurrean nola esku hartu. IKTen erabilera nerabeen eta gazteen sexualitateen arretan: errealitateak eta aukerak" ikastaroa emango du Ane Ortiz Ballesterosek (1989, Bilbo). Sexologoa da bera, Training sexologia klinikoan, Genero Berdintasun Teknikaria eta Lehen Hezkuntzako irakaslea, PT espezializazioarekin. UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako ikastaroa da eta maiatzean emango da Iruñean. Haren gainean gehiago jakiteko izan gara Ortizekin.

UEU 2025eko martxoaren 18a

Nola eragiten die teteknologiek, Internetek eta komunikazioaren plataforma berriek haur eta nerabeen identitate sexualei eta sexuen arteko harremanei?

Teknologia digitalek eragin handia dute haur eta nerabeen identitate sexualaren eraikuntzan eta harremanetan. Eragina dute beren burua hautemateko moduan, aniztasuna ulertzeko eran eta harremanak izateko moduetan. Halaber, beren intimitatea nola adierazten duten, adostasuna nola ulertzen duten edo zer harreman-eredu desiragarritzat jotzen duten ere baldintzatzen dute.

Internet eta espazio digitalak sozializazio sexualaren parte dira, eta haur eta nerabeek bertan jasotzen dituzte sexualitateari eta generoari buruzko erreferente asko.

Etengabeko esposizio horrek eragina du haien autoestimuan, emozioen kudeaketan eta norberaren zein besteen desioa interpretatzeko moduan. Gainera, sareetan zabaltzen diren eduki eta mezu batzuek estereotipoak indartu ditzakete edo harreman atseginak eraikitzeko zailtasunak sor ditzakete.

Testuinguru honetako fenomeno garrantzitsuenetako bat manosferaren hedapena da, Interneteko komunitate-sare bat, nagusitasunean, indarkeria matxistaren ukazioan, emakumeen gutxiestean eta identitate ez-arautzaileen ukazioan oinarritutako maskulinitate-ereduak indartzen dituena. Diskurtso horiek batez ere gizonezko nerabeei eragiten diete zuzenean (zeharka besteoi), haien harremanetan eta sexualitateari buruzko ikuspegian, askotan lehiakortasunari eta hierarkiari lotuta.

Horrez gain, plano digitalean eraikitzen diren harremanak eta ligatzeko aplikazioak gero eta goiztiarrago erabiltzen dira, eta horrek erronka berriak planteatzen ditu sexu-hezkuntzan.

Horren guztiaren ondorioz, sexu-hezkuntzak dimentsio digitala barne hartu behar du nahitaez. Garrantzitsua da haur eta nerabeek ikuspegi kritikoa garatzea eta helduek horretan laguntzea. Ondorioz, ezinbestekoa da nerabeekin tresna kritikoak lantzea, pentsamendu autonomoa sustatzeko eta errespetuan eta elkarren zaintzan oinarritutako harremanak bultzatzeko.

Arriskuetatik eta beldurretik begiratzen diegu baliabide horiei, baina gauza onak ere badituzte...

Hala da bai. Askotan arriskuetan jartzen dugu arreta (desinformazioa, ziberjazarpena, sextinga…) eta horrela, ahaztu egiten dugu teknologiek izan dezaketen potentzial handia.

Besteak beste, Internetek informazio eta erreferente gehiago eskuratzeko aukera ematen digu, eta horrek sexualitatearen eta genero-identitatearen aniztasuna ikusarazten laguntzen du. Gainera, sare sozialek komunitate seguruak sortzeko aukera eman diezaiekete beren ingurune hurbilean ulermenik edo onarpenik aurkitzen ez duten gazteei.

Beraz, erronka ez da baliabide horiek deabrutzea, baizik eta haurrei eta nerabeei tresnak ematea horietan segurtasunez, pentsamendu kritikoz eta ongizatez nabigatzeko. Teknologia ez da mehatxua berez, baizik eta egiten dugun erabileraren arabera arriskutsua edo aukera baliotsua izan daiteke.

Pornografiak haur eta nerabeengan duen inpaktuaren aurrean, zer egin? Horretarako baliabideak eskainiko dituzu.

Gaur egun, pornografia nerabe askoren lehen sexu-hezkuntzaren iturria bihurtu da, eta horrek desioari, adostasunari eta harremanei buruzko ikuspegi okerrak sor ditzake. Pornografiarekin (gehienetan pornografia mainstream-a) lehen kontaktua izateko batez besteko adina 12 urte eta erdikoa da (Sexu-(des)informazioa: pornografia eta nerabezaroa, Save the Children). Argi izan behar dugu eduki horietan agertzen diren harremanek ez dutela errealitatearekin zerikusirik eta askotan indarkeriazko edo desorekatutako botere-harremanak bultzatzen direla. Horregatik, ezinbestekoa da pornografiarekiko pentsamendu kritikoa sustatzea eta bestelako alternatibak eskaintzea. Nerabeekin hitz egitea eta sexualitateari buruzko elkarrizketak normalizatzea funtsezkoa da, informazio egokia eta kalitatezkoa izan dezaten.

Gainera, ezinbestekoa da sexu-hezkuntza ikuspegi biologizista batetik soilik ez lantzea, eta plazera, adostasuna, komunikazioa eta zaintza bezalako elementuak barneratzea. Baliabide interesgarri asko daude eta horietako batzuk ikastaroan ezagutzeko aukera izango dugu, baina aurrerapen gisa orain dela egun batzuk Emaize-ren Instagrameko kontuan elkarbanatu genuen publikazioa helarazten dizuegu.

Halaber, guraso eta hezitzaileei tresnak eskaini behar zaizkie, pornografiaren inguruan hitz egiteko prest egon daitezen eta nerabeekin elkarrizketa irekiak susta ditzaten. Helburua ez da debekatzea debekatzeagatik. Helburua da nerabeek ahalik eta informazio gehien (iturri fidagarrietatik lortutakoa) izatea eta errespetuzko harremanak eraikitzeko tresnak garatzea. Horretan arituko gara ikastaroan zehar.

Nori zuzenduta dago?

Ikastaroa haurrekin eta gazteekin lanean edo elkarlanean diharduten langileei, gurasoei, irakasleei zuzenduta dago. Baita ere, sexualitatearen eta teknologiaren arteko harremana ulertu nahi duenak parte hartu dezake.

Zerbait nabarmendu nahi?

Sexualitateaz eta teknologiaz hitz egitea ez da aukera bat, beharra baizik. Haur eta nerabeek Interneten bilatzen dituzte erantzunak, baina gure zeregina galderak egitea eta informazio fidagarria aurkitzen laguntzea da. Kontua ez da debekatzea edo kontrolatzea, mundu digitalean laguntzea eta konfiantzazko espazioak eraikitzea baizik. Sexu-hezkuntza pantailen aurrean ere gertatzen delako: prest al zaude gaiari heltzeko?