Espainiako Gobernuak baimendu egin du egoitza Bartzelonan (Katalunia) duen OTRAS (‘Organización de Trabajadoras Sexuales’ jatorrizko hizkuntzan, ‘Sexu Langileen Erakundea’ euskaraz) sindikatuaren sorrera.
Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak abuztuaren 4an publiko egindako ebazpen batekin, Espainiako Lan, Migrazio eta Gizarte-Segurantzako Ministerioak OTRAS sindikatuaren sorrerari bide eman dio. Concepción Pascual, Espainiako Laneko Zuzendaritza Nagusiko zuzendariak sinatu zuen ebazpena iragan uztailaren 31n.
Ebazpena publiko egin zenetik abuztuaren 29a arte, Espainiako Auzitegi Goreneko Lan-Arloko Salak ebazpenaren aurka egiteko baliodun 20 eguneko epea izan du.
Sindikatuaren estatutuak argitaratu egin ditu El Mundok. Bertan irakurri daitekeenez, sexu lana bere osotasunean barne hartzen dute sindikatuaren eginkizunek. Helburuei dagokienez, “langileen eskubideak lortzea”, “sexu lanaren eremu orotan lan jarduna hobetzea” edo “laguntza, aholkularitza, babes eta defentsa indibidual zein kolektiboak” zerrendatzen dira besteak beste. Sindikatuko kide egiteko baldintza bakarra adinez nagusia izatea da.
Gori-gorian dago prostituzioaren gaineko eztabaida, batez ere feminismoaren baitan. Batzuk sexu lanaren abolizioaren alde dauden bitartean, erregulazioan ikusten dute aterabidea beste batzuk. ARGIAn sexu langileei hitza eman diegunean kontatu digutena irakurri nahi duenak, eskura dauzka Ainhoa Mariezkurrenak hainbat sexu langilerekin egindako artikulua eta Saioa Bleztenak prostituzioan zein politikagintzan jarduten duen Paula Ezkerrari egindako elkarrizketa.