argia.eus
INPRIMATU
Sexu jazarpenagatik, Derioko enpresa bateko burua auzitara
  • 2016tik jazarri du garbitzaile azpikontratatu bat enpresako buruetako batek. Langileak eraso jarraitua salatu du, eta kasua auzitara eramango du LAB sindikatuak.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 15a
(Argazkia: LAB sindikatua)

Derioko (Bizkaia) enpresa batean gertatu da: azpikontratatutako emakume garbitzaile batek sexu jazarpena pairatu du enpresako buruetako baten partetik. Gizonak 2016an hasi zuen emakumearen kontrako jazarpena, eta era jarraituan egin dio eraso.

Berriako kazetari Maite Asensio Losanok emandako informazioaren arabera, gizona kafea prestatzeko eskatzen hasi zitzaion emakumeari lehendabizikoz, eta gero WhatsApp bidezko mezuak bidaltzen hasi, lan ordutegitik kanpo eta konnotazio sexualekin; hori gutxi ez, eta telefono dei bidez ere jazarri zuen; emakumea lantokian behatu eta kontrolatzeari ere ekin zion, eta bulegora joateko dei egiten zion, espazio bakartuetan berarekin bildu asmoz. LABek salatu du emakumea kalean jarraitzera ere heldu dela gizona.

Denbora luzean jasandako jazarpena medio, langilea gaixotu egin da; sindikatuak jakinarazi duenez, antsietateak jota dago. Hala ere, salaketa jarri du, eta LAB sindikatuak eramango du kasua auzitara. Bide horretan, astelehenean Bilboko auzitegien parean elkarretaratzea egin zuten, “Sexu jazarpen laboralaren aurrean, aurrean izango gaituzue” lelotzat.

Sindikatuaren arabera, ez da erraza izan salaketa jartzeko pausua ematea langilearentzat: “Lan zentro horretan egiten zituen lanaldiko ordu gehienak. Ondorio negatiboen beldur zen, bai garbiketa enpresaren aldetik, bai bezeroaren aldetik, azken horretan jazarlea lehen lerroko kargua zelako”.

LABek azpimarratu du emakumeek egunera jasaten dutela bortizkeria lan eremuan, kasu gutxi azaleratzen badira ere. “Esaten eta salatzen ez den errealitate bat da”, sindikatuaren hitzetan. “Salaketa jartzen duen emakumearen integritatea bermatzeko baliabide instituzionalen faltari eta egungo justizia patriarkalak eragiten duen konfiantza faltari beste elementu bat gehitzen zaio: lana galtzeko beldurra eta mehatxua”, salatu dute. Egoera horren aurrean, bide juridikotik bakarrik ez, sindikatuen eremutik ere jardutera dei egin dute.