argia.eus
INPRIMATU
Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak
  • EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2025eko otsailaren 14a

'Denuncias Euskal Herria' Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo argitaratu zituzten aste hasieran irakasle beraren aurka eta ARGIAri beste lau pertsonak berretsi diote salatutakoa. EHUk ere baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela azken urteetan.

ARGIAk jakin duenez, urteak direla jarri zen irakasle horren aurkako salaketa formala lehen aldiz, jazarpena leporatuz. Dena den, iturri berdinen arabera –eta egunotan ezagutu diren salaketen arabera–,  "ez zen aldaketa esanguratsurik egon".

EHUk errektoretza berria du urtarrilaren 27tik, Joxerramon Bengoetxea buru eta neurriak egun gutxian heldu dira: salaketak jaso dituen irakaslea ez da fakultatera itzuliko zer gertatu den argitu arte.

Protokoloak eskatzen duen diskrezioa zorroztasunez zaintzen ari dela adierazi du Errektoretza Taldeak, eta lehentasuna biktimen segurtasuna bermatzea dela nabarmendu. "Egoerak eskatzen duen ardurarekin jokatzea eta biktimenganako kalteak areagotu besterik egiten ez dituzten espekulazioetan ez sartzea eskatzen die unibertsitateak komunitate osoari eta eragile sozial guztiei", adierazi dute.