argia.eus
INPRIMATU
Sexu industriaren inguruko egien bila, opera bidez
  • Sexu langileen errealitatea ezagutaraztea du helburu Sex Workers´Opera lanak. Asteartean estreinatuko da Londreseko Pleasance aretoan, eta bi astez izango da ikusgai.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko maiatzaren 16a
Sexu langileen errealitatea ezagutaraztea du helburu Sex Workers´Opera lanak.

“Sexu langileen ahotsa da”: horrela definitu dute Siobhan Knox eta Alex Etchart egileek emanaldia, Open Democracy webgunean. Emanaldian parte hartzen dutenen erdiak sexu langileak dira, eta munduko hainbat txokotako –Argentina, Txile edota Taiwan– langileen historiak bildu dituzte. Historia horiek uztartu dituzte dantza, antzerki fisikoa, poesia, jazz eta hip hoparekin.

“Ustekabeko konbinazio horrek ikusle ugari erakarri ditu azken bi urteetan. Horietako batzuk etorri dira tituluan aipatzen den sexu hitzak eragindako eszitazioak bultzatuta. Azkenean, gelditu egiten dira eta ikasi egiten dute”, adierazi du Knoxek.

Sexu langileek dilema “bikoitza” dute, egileen iritziz: batzuen ustez, erabat zapalduta daude eta ezin dute hitz ere egin. Beste batzuek, ordea, uste dute ez duela merezi esaten dutena aditzeak.

Emanaldiaren bultzatzaileek adierazi dute ez dagoela ogibidearen inguruko egia absoluturik: sexu langile batzuek gorrotatu egiten dute lana eta beste batzuek gogoko dute. Dena den, gauza batean ados daude: “Sexu lanaren gauzarik gogorrena da langileen aurkako indarkeria bultzatzen duen kriminalizazioa eta estigma”.

Errealitatea aldatzea helburu

“Langileei zuzenean eragiten die industriaren inguruko informazio okerrak, eta horri aurre egiteko beharrezkoa da kontra-narratiba bat sortzea, ogibidearen errepresentazioaren boterea langileek beraiek hartzea”, adierazi du Etchartek.

Kultura jo dute “bihotzak eta buruak irabazteko bataila-eremutzat” eta uste dute artea dela industria hori humanizatzeko bidea.

“Gehien estigmatizatutako identitatea denez, irekia izatea errazagoa da senideen eta familien babesa dutenentzat edota zuriak direnentzat”. Hori da ekimen horrek aldatu nahi duena: “Sexu industriaren inguruko aldaketa soziala bultzatzea" da xedeetako bat.

Zentzu horretan, argi dute lehen pertsonan bizi dutenek soilik konta dezaketela sexu langileen errealitatea. Hori da, hain zuzen, operaren muina: sexu langileek beren ahotsetik kontatzea egunerokoan bizi duten errealitatea.