argia.eus
INPRIMATU
Sexu indarkeria bideojokoetan
2005eko urtarrilaren 06a

Jon Torner jontorner@argia.eus Amnistia Internazionala (AI) erakundeak kaleratu berri duen txosten batean salatu duenez, Espainian merkaturatzen diren geroz eta bideojoko gehiagok izaera sexista daukate eta biolentzia (emakumeen aurkakoa bereziki) sustatzen dute. Fabrikatzaileek, dena den, txostena alarmistatzat jo dute eta bideojokoetan zineman edo telebistan baino biolentzia eszena gehiago ez daudela diote. Hilketak, bortxaketak, tortura... Orotara PC eta kontsoletarako 50 joko eta 15 web gune aztertu ditu AIk. Gainera, jolas-aretoetan adin txikikoak zein jokotan aritzen diren kontrolatzen ote den eta sektoreko aldizkariek zein informazio eskaintzen duten ere aztertu du. Emaitzak "Emakumearen aurkako indarkeriarekin ez da jolasten" izeneko txostenean bildu ditu. AIk dioenez, ikertutako bideojoko gehienek emakumearen diskriminazioa eta erdiak baino gehiagok giza eskubideen urraketa sustatzen dute. Dendetan eskura daitezkeen eta Internetez doan jaitsi daitezkeen hainbat bideojokotako protagonistek emakumeak jipoitzen dituzte eta beste batzuetan, norbera protagonista bilakatu eta lotuta dagoen emakumea bortxatu eta torturatu dezake. Adibide moduan, hainbat joko aipatzen ditu txostenaren egile Oscar Gutierrezek. Gabonetan gehien saldu den Grand Theft Auto: San Andreas bideojokoan, esaterako, protagonistaren helburuetako bat luxuzko autoak lapurtzea da, horiek amu bezala erabilita emagalduak erakarri eta akabatzeko. Benki Kousoko jokoan, bestalde, lotuta dagoen emakume japoniarra bortxatu egin daiteke eta Sociolotron izenekoan, pertsonaia batzuk emakumeak gatibu hartu eta bortxatu egiten dituzte, gaixotasunak transmitituz. Beste joko batean, Escape from Neverland izenekoan, jokalariak, Michael Jacksonen paperean murgilduta, bere etxe inguruan korrika dabiltzan umeak harrapatu behar ditu. Helbide honetan txostenak aipatutako joko gehiago jaitsi daitezke: www.es.amnesty.org Bideojokoetan ez omen dago zinema eta telebistan baino indarkeria gehiago Amnistia Internazionalaren txostenak jasotakoari erantzunez, bideojokoen fabrikatzaileek alarmistatzat jo dituzte ikerketaren emaitzak. Carlos Iglesias Entretenimendu Softwarearen Banatzaile eta Editoreen Elkarteko (ADESE) idazkari nagusiak dioenez, "industria giza eskubideak urratzen ez dituzten produktuak sortzera behartuta dago, baina sortzailea ezin da zentsuratu". Bere ustez, bestalde, bideojokoetan ez dago zineman edo telebistan baino biolentzia gehiago. Hala, AIren ikerketak errealitatea "gaizki fokatu" duela dio, indarkeria ez baita soilik bideojokoetan azaltzen. Gabonak direla-eta, AIri atentzioa erakarri nahi izatea leporatu dio Iglesiasek. Adin txikikoen eskubideak kolokan Saltokietan nahiz Interneten eskura daitezkeen jokoei (bereziki biolentzia eszenak dituzten horiei) dagokienez, sarri adin txikikoen eskubideak ez direla errespetatzen salatu du AIk, edozein joko bereganatu dezaketelako. Espainian, bideojokoen fabrikatzaileek Jokoaren Informazio Pan Europarra (PEGI) delako auto erregulazio kodea bere egin zuten 2003an. Kode horrek joko bakoitza zein adinetako lagunek erabili dezaketen zehazten du. Europako herrialde gehienetan funtzionatzen du eta fabrikatzaileak libreki atxiki daitezke hark esandakora. Carlos Iglesias ADESE elkarteko idazkari nagusiak dioenez, Espainian saldutako produktuen %99k jaso dute kalifikazio egokia. Hala, saltokietan aurki daitezkeen bideojokoen %2k soilik dituzte18 urtez gorakoentzako edukiak, Espainian banatzen diren 2.500 jokoetatik 50ek. Behin kalifikazioa jarrita, ardura gurasoena omen da. AIren ustez, ordea, "auto erregulazio kode hau ez da nahikoa". Esteban Beltran Espainiako AIko presidentearen hitzetan, helduentzako bideojokoak umeei zuzendutakoen alboan daude saltokietan eta inork ez du kontrolatzen zer saltzen den eta nori saltzen zaion. Gainera, salatu duenez, jolas-aretoetan kontrol honek existitu ere ez du egiten eta adin txikikoak edozein jokotan aritu daitezke. Honen aurrean, gaztetxoek eskura ditzaketen jokoei dagokienez, ardura fabrikatzaileez gain Administrazioak, gurasoek eta hezitzaileek dutela azpimarratu du Beltranek.