Espainiako Gotzainen Batzarrak Juntos en Camino + Q2 lana aurkeztu du, "ezkongaientzako prestakuntza- eta laguntza-ibilbidea". Ezkontza prestatzeko bi urteko ikastaroa da. Gizon eta emakumeen arteko alde sexualak, ezkongaien arteko samurtasun esklusiboa eta masturbazioa jorratzen ditu, besteak beste.
Bilboko gotzain Mario Iceta gernikarrak aurkeztu du ikastaroa. Familiaren eta Bizitzaren Defentsarako Azpibatzordeko presidentea ere bada Iceta. Egun, eliza katolikoaren bidez ezkondu aurretik hogei orduko ikastaroa egin behar dute ezkongaiek. Orain bi urteko ikastaroa egitea proposatu dute gotzainek. Nahiz eta ikastaroa egitea ez den derrigorrezkoa izango, ez egitea "zentzugabekeria" litzatekeela adierazi du Icetak: "Ezkontza prestaketa ezin da 20 ordutan laburbildu. Apaiz izateko zazpi urteko mintegia behar da, eta emazte, senar, ama eta guraso izateko, 20 ordu? Urte asko eskaintzen zaio lanbide heziketari, baina ia ez da denborarik senargaiak eta ezkontza prestatzeko".
Ikastaroaren helburua ezkontza-porrotari aurre egitea dela azaldu du Icetak. Haren esanetan, bikoteen %40a apurtzen da ezkondu eta bost urtera, eta %60a hamabost urtera: "Hori ekidin nahi dugu".
Lagunen arteko besarkadak, “zintzoak baina laburrak”
Ikastaroaren materiala hamabi gaitan banatuta dago: "Bide baten hasiera", "Gizon eta emakume sortu zituen", "Leialtasuna", "Sexualitatearen edertasuna"... Zenbait hedabidek materialaren pasarteak argitaratu dituzte.
Gaietako batean gizonek emakumeek baino sexu desira handiagoa dutela diote, eta desberdintasun hori kudeatzeko moduak proposatu dituzte: "Gizonak, sexu-harremanak izan nahi dituen egunetan, ahalegin handiagoa egin beharko du, eta zenbait zeregin hartu beharko du bere gain (adibidez, seme-alabak arratsaldean parkera eramatea edo ordu pare bat paseatzea emakumeak siesta egin dezan); emakumeak lan-karga jakin batzuetatik libratu eta atseden hartu beharko du: unea iristen denean, biak sexu-topaketarako prest egoteko". Gotzainen Batzarreko webgunetik desagertu egin da pasarte hori, Ser irratiak argitaratu ostean.
Ezkongaiek elkarri lehentasuna adieraztearen garrantzia nabarmendu du ikastaroaren materialak: "Modu asko dago, eta horiek kontuan hartzea garrantzitsua da. Adibidez, lagun batzuk kafea hartzera joaten bagara, ezkongaiek elkarren ondoan esertzea bilatuko dute. Lehenik batak besteari zerbitzatuko dio, eta gero bere buruari". Besarkadetan ere egon behar du aldea: lagunen artekoak, "zintzoak baina laburrak, ez dira senargaien arteko besarkadak bezain samurrak". Izan ere, "Zu aukeratu zaitut, eta zu besterik ez. Horregatik hitz egiten dizut, besarkatzen zaitut, musu ematen dizut modu berezian. Beste inori ez diot horrelako maitasun erakustaldirik egingo".
Pornografiak "masturbazioa eta desleialtasuna" sustatzen dituela dio Gotzainen Batzarrak. Eta masturbazioaren arriskuaz ohartarazi du: "Gerta daiteke masturbaziora ohituta dagoen norbaitek ezin ezagutzea sexualitatea beste pertsona batekin partekatzearen edertasuna, edo beste pertsona batekin moldatzeko gai ez izatea".