argia.eus
INPRIMATU
Sexu eta ugalketa eskubideen alde elkarretaratzeak ostiral goizean EAEko ospitaleetan
  • Irailaren 28an Sexu eta Ugalketa Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna ospatuko dela-eta, 11:30ean hasita hamar minutuko elkarretaratzeak egingo dituzte ostiralean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitale nagusien aurrean. Abortuaren kriminalizazioaren salaketan bat eginda deitu dituzte protestak mugimendu feministak eta sindikatuek.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 26a
Ostiraleko elkarretaratzeez gain, manifestazioak egingo dituzte igandean Bilbon eta Gasteizen. (Argazkia: ARGIA)

Gurutzeta, Galdakao, Basurtu, Donostia eta Txagorritxuko ospitaletan egingo dira elkarretaratzeak. ESK, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek bat egin dute mugimendu feministak bultzatutako mobilizazioekin.

Igandean, Abortatzeko Eskubidearen Nazioarteko Eguna ospatuko da, Sexu eta Ugaldeko Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunarekin batera. Horren harira, manifestazioak egingo dituzte Bilbon eta Gasteizen. Lehena Arriaga plazatik abiatuko da 12:00etan; bestea, Andre Mari Zuriaren plazatik irtengo da 12:30ean.

Bestetik, abortuaren lege erreforma gelditu eta Gallardonen dimisioarengatik, borroka egin eta elkartasuna adierazi dutenak zoriondu ditu mugimendu feministak. Hala ere, oraindik zer borrokatu badagoela adierazi dute; besteak beste, Espainiako presidenteak iragarritako Familiaren Babeserako Plana, 16 eta 17 urteko neska gazteek abortatzeko gurasoen baimena lortu beharra eta abortua zigor kodetik ateratzea.