argia.eus
INPRIMATU
Sexu erasotzaileen %80 biktimaren ezaguna da Sexviolen ikerketa baten arabera
  • Madrilgo Auzitegiak sexu erasoekin lotuta emandako 178 sententzia aztertu dituzte azterlan batean eta hainbat mito ezeztatu dituzte. Hala nola, erasoak gauez bezainbeste egunez izaten direla eta soilik %20 egiten dela eremu publikoetan.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 16a
Sexviolen txostenak dio sexu erasotzaileek ez dutela "jendartearen aurkako patroirik". / Argazkia: Ecuador Etxea.

Sexviol ikerlari taldeak asteartean aurkeztu zuen sexu erasoei buruzko azken txostena, El Salto agerkariak plazaratu duenez. Azterlan horren helburuak izan dira sexu erasoen mitoen atzean dagoena azaleratzea eta erasotuei babesa ematea. “Sexu erasoen biktimek ez dute gure errukia behar, gure errespetua eskatzen dute”, azpimarratu dute ikerlariek. Madrilgo Auzitegiak 2016 eta 2018 artean emandako sexu erasoen 178 epai izan dituzte oinarri, eta jendartean zabalduta dauden hainbat uste ezeztatu dituzte.

Daturik deigarriena da kasuen %80an erasotzailea biktimaren ezaguna dela, areago, %17,4k gertuko harremana dute, bikotea edo bikotekide ohia baita. Dokumentuaren arabera, sexu erasoen %60 etxebizitzaren batean egin dute, eta soilik %20 eremu publikoetan.

Sexviolen azterketak eraitsitako beste mito bat da sexu erasoak ez direla gauez izaten nagusiki; orduak “ez du garrantzirik”: aztertutako kasuen %45 egunez egin dituzte eta %55 gauez. Erasotzaileen %13k erabili du armaren bat. Halaber, azken urteetan zabaldu den ustearen kontrara, ondorioztatu dute taldeko bortxaketak gutxiengoa direla: ikertutako 178 kasuetatik bost besterik ez.

Erasotzailearen perfila ere aztertu du Sexviolek. Gizonezkoak izan dira 177 eta soilik bakarra emakumezkoa. Aitzitik, biktimak emakumeak dira ia-ia beti: aztertutako 178 kasuetatik zortzi dira gizonak. Gainera, txostenak nabarmentzen du sexu erasotzaileek ez dutela “jendartearen aurkako patroirik edota patologia-patroirik”. Erasotzaileen %70ak ez dauka inolako aurrekari penalik; soilik %1,7k dauka sexu erasoekin lotutako aurrekariren bat.

Kontzientziazioa helburu

Sexviol lan-taldea osatzen duten emakumeak lau unibertsitateko irakasleak eta ikerlariak dira. Sanferminetako taldeko bortxaketaren harira elkartu ziren, emakumeen aurkako sexu erasoen gaineko informazio baliagarria biltzeko. "Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa" helburu, kontrastatutako ezagutza zientifikoa eskuratzeko beharra azpimarratzen dute.

Biktimak babestearen eta laguntzearen alde daude, baina fokua jendartean jartzen dute: "Gai izan behar dugu emakumeen eta nesken askatasunarekiko errespetuzkoak diren maskulinitate ereduak sortzeko".