argia.eus
INPRIMATU
Sexu erasoen kontrako mobilizazioak egin dituzte Barakaldo eta Basaurin
  • Eguberri egunean jazotako sexu erasoa salatu dute Barakaldon. Basaurin ostera, haurren aurkako sexu erasoak gaitzetsi dituzte.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 14a
Barakaldoko elkarretaratzea (Argazkia: Barakaldoko Babes Zibila)

Abenduaren 25ean sexu erasoa jazo zen Barakaldon (Bizkaia), eta berau pairatu zuen emakumeak larunbatean jarri zuen salaketa. Barakaldoko Udalak jakitera eman duenez, emakumea kalean bortxatzen saiatu ziren. Ertzaintzak gertakariaren gaineko ikerketa abiatu du.

“Erasorik ez erantzunik gabe” lemapean, gaitzespen elkarretaratzea egin zuten igandean. Argitan emakumeentzako aholkularitza zentroak deitu zuen mobilizaziora, eta 13:00etan Herriko Plazan bildu ziren herritarrak zein udaleko ordezkariak.

Haurren aurkako sexu abusuen kontrako manifestazioa Basaurin

Igandean bertan, 5.000 lagun inguruk parte hartu dute haurren aurkako sexu abusuak gaitzetsiz Basaurin (Bizkaia) egindako manifestazio batean. “Ez naiz isilduko” plataformak egin zuen mobilizatzeko deia, herriko futbol entrenatzaile baten aurkako salaketa jarri duten sei norbanakoei babesa helarazteko.