argia.eus
INPRIMATU
Sexu erasoen aurka milaka lagun atera dira kalera Iruñean
  • Manifestazioa Gaztelu plazatik atera zen ostegunean 21:00etan eta bertan parte hartu zuten milaka lagunek gogor salatu zituzten Sanferminetan gertatu diren sexu erasoak.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 14a
Milaka pertsonak protesta egin zuen Iruñean sexu erasoen aurka. (Argazkia: Ekinklik)

Erasoen aurkako Emakumeen Plataformak eta Gora Iruñeak egin zuten deialdia, eta Peñen Federazioak eta udal agintariek bat egin zuten protesta bilkurarekin. Peñetako pankartak morez jantzi zituzten. Gaztelu plazan hasi, hiriaren erdiguneko hainbat kale zeharkatu eta abiapuntuan amaitu zen manifestazioa. Bertan egindako hitzaldian, Sanferminetan hiru sexu eraso izan direla aipatu zuten antolatzaileek.

Horietako batean, gizonezkoak ukituak egin zizkion Gaztelu plazako Iruñea kafetegian dantzan ari zen emakumezko bati, eta emakumeak bere burua defenditu zuenean, aurpegian kolpatu zuen lurrean konorte gabe utziz. Tabernatik alde egin ondoren, geroago atxilotu egin zuten kalean eta epaileak espetxera sartu du, akusazio partikularrak hala eskatuta. 

Gisa honetako eroso gogorrez gain, beste eraso sexista asko ere izaten ari direla salatu zuten mikrofonotik. Azpimarratu zuten eraso hauek ez direla Sanferminetan edo festetan bakarrik izaten, egunerokoak direla eta mundu osoan gertatzen direla. Festetan gozatzeko eskubidea dutela aipatu zuten eta beldurrik izan ez arren, ez dutela “ausartak izan nahi, libreak baizik”.

Argazkiak: Ekinklik