argia.eus
INPRIMATU
Sexu erasoari emandako erantzunak eztabaida sortu du Gasteizen
  • Abuztuaren 5ean Gasteizko jaietan egindako sexu erasoari emandako erantzunak ika-mika sortu du mugimendu feministaren eta Blusen eta Nesken Batzordearen artean.

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 10
Feministen ekintza gogor kritikatu du Blusen eta Nesken batzordeak, eta beren aurkako manifestazioa egin dute igandean (argazkia: Asier Vera)

Batzordeko Jatorrak kuadrilako hainbat kidek sexu irainak egin zizkieten neska talde bati. Sexu erasoen aurkako protokoloa martxan jartzea exijitu zuten orduan hainbat feministek, eta erasotzaileak kuadrilatik kanpo uzteko. Protokoloa bete ez zela ikusita, protesta ekintza egin zuen mugimendu feministak: egunero Blusek eta Neskek zezen plazara egiten duten paseilloa eten zuten.

Feministen jokaera gogor kritikatu du Blusen eta Nesken batzordeak, eta ekintzaren aurkako manifestazioa egin dute igandean “Ez gara defendatuak sentitzen, baizik ofendituak” lemarekin. Ez dute bertan parte hartu kuadrila guztiek, ordea. Arratsaldeko 20:30ean, beste hainbat kuadrilek protesta egin dute batzordearen jarrera salatzeko eta jai “parekide eta sanoak” aldarrikatzeko.

Gasteizko mugimendu feministak eta LGTB mugimenduak astelehenean emanen du prentsaurrekoa gertatutakoa azaltzeko eta balorazioa egiteko.

Donostian, sexu erasoen aurka kaleak hartu dituzte

Donostiako mugimendu feministak manifestazioa egin du sexu erasoen aurka Aste Nagusiko lehen egunean. Beltzez jantzita eta buruberokiak soinean, Alde Zaharreko kaleak bete dituzte ehunka emakumek. Festetan ere ez dituztela erasoak onartuko adierazi eta autodefentsa feministaren aldeko deia egin dute.