argia.eus
INPRIMATU
Hainbat sexu eraso salatu dituzte Tuteran, Ondarroan, Bilbon eta Donostian
  • Tuteran 30 urteko gizon bati 23 urteko bikotekideari erasotzea leporatu diote, eta Ondarroan 31 urteko gizon bati lankide bati ukituak egitea, herriko osasun etxean. Bilboko jaietan bi sexu eraso salatu dituzte, eta Donostian 20 urteko gizon bat atxilotu dute, hiriaren erdiguneko diskoteka baten inguruan ukituak egitea leporatuta.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 19a
Aurtengo Sanferminetako sexu erasoak salatzeko elkarretaratzea, Iruñeako gaztelu plazan.

Astebukaeran sexu erasoak salatu dituzte Tuteran, Ondarroan, Bilbon eta Donostian. Tuteran 30 urteko gizon bat atxilotu dute igandean, eta genero-indarkeriako delitua leporatzen diote 23 urteko bikotekideari eraso egiteagatik, udalerriko udaltzaingoak informatu duenez, eta Europa Press-ek jaso duenez. Gizona Foruzaingoaren bulegoetara eraman dute, eta atxilotu egin dute, epailearen esku utzi arte.

Ondarroako osasun etxean, bestalde, Ertzaintzak 31 urteko gizon bat atxilotu du, lankide bati ukituak egitea leporatuta. “Biktimak uko egin die erasotzailearen iradokizunei, eta ukituak egin dizkio bularretan eta ipurmasailetan”, adierazi du Ertzaintzaren oharrak. Gertaera igande goizeko 10:30ean izan da, eta emakumeak alde egin eta salaketa jarri du Ondarroako ertzain-etxean. Gertatutakoaren berri izatean, ertzain-patruila bat osasun zentrora joan da, eta gizona ertzain-etxera eraman dute “beharrezko eginbideak egiteko”.

Bilboko jaietako bigarren egunean hamabost lagun atxilotu dituztela adierazi du Juan Mari Aburto alkateak Euskadi Irratian, horietatik bi indarkeria matxista egotzita.

Azkenik, Donostian, 20 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, hiriaren erdiguneko diskoteka baten inguruan emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Atxiloketa goizaldeko 05:10ean izan da, Ertzaintzaren webgunean irakur daitekeenez, "biktimak Ertzaintzari jakinarazi ondoren gizon bat oldartu zitzaiola eta diskoteka baten inguruan ukituak egin zizkiola”. Sexu-eraso eta lapurreta delitu bat egotzi dizkiote, “biktimari diru zorroa ere lapurtu ziolako”. Aipaturiko diskotekaren inguruko kale batean aurkitu zuten gizona. Gaztea ertzain-etxera eraman dute “beharrezko izapideak egiteko”, eta epailearen esku utzi dute.