argia.eus
INPRIMATU
Sexu erasoak izan dira asteburuan Zornotzan eta Iruñean
  • Zornotzako jaien lehen egunean neska adingabe batek salatu zuen sexu erasoa eta erantzunez mobilizazioak izan dira herrian. Iruñeko Sanferminen azken egunean beste adingabe batek bortxaketa salatu zuen. Jaien balorazioa egin du Iruñeko Udalak eta salaketak jaitsi diren arren, oraindik egiteko asko dagoela azpimarratu dute.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 17a
Zornotzan sexu erasoen kontrako kontzentrazioa egin dute herritarrek (Arg.: Anboto.eus)

Zornotzako Emakume Taldeak manifestazioa iragarri du datorren larunbat gauerdirako eta adierazi du eraso bakar bat gehiagorik ere ez dutela onartuko. Udalak ere sexu erasoen aurkako adierazpena onartu du eta babesa adierazi diote neskari eta senideei.

Iruñean berriz, jaien azken egunean Arrosadian bortxatua izan dela salatu du adingabe batek. Udaltzaingoan egin zuen salaketa gazteak, eta Iruñeko instrukzio epaitegiaren 3.aren aginduz Espainiako Polizia ari da ikertzen. Udaletik zuhurtziaz jokatzeko eskatu dute, neskaren “birbiktimazioa” ekiditeko.

Sanferminetan egondako erasoen balantzea egin du Udalak eta jaitsi diren arren, kasu bakarra dagoen bitartean “datu txarrak” izango direla adierazi dute. Bi sexu eraso eta hamabi sexu ukitu salatu dituzte, horietatik hamaika gizon atxilotu dituzte eta gehienei epaiketa azkarra egin diete. Udalak egindako kanpaina arrakastatsua izan dela adierazi dute, eta gizartea geroz eta kontzientziatuagoa dagoela uste dute. Laura Berro Iruñeko Berdintasun eta LGTBI hautetsiak adibidez, uste du, lehen, festaren gehiegikerien baitan onartzen zirela sexu ukituak eta orain, ikuspegia bestelakoa dela.