Bi gizon atxilotu dituzte Iruñean 20 urteko emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Protestak deitu dituzte astelehenean.
Udaltzaingoak jakinarazi du larunbatetik iganderako goizaldean izan dela erasoa, kalean. Dei bat jaso zuten udaltzainek Donibaneko San Roke kalean sexu eraso bat gertatzen ari zela jakinaraziz, eta bertara joan ziren poliziak. Han zen erasoa jasan zuen neska, 20 urtekoa, beste lagun batzuekin.
Herritarrek erasotzaileetako bat atxikia zuten eta erasotzaile horrek eman die bestearen deskribapen fisikoa. Auto artean ezkutatuta zegoen, gertuko kale batean. Ondoren atxilotu zituzten bi gizonek 26 eta 21 urte dituzte.
Eraso hori salatzeko elkarretaratzea eginen dute astelehenean Golem zinematokietan dagoen Tramontana monumentuan. Arratsaldean izanen da protesta, 17:00etan.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.