Ustezko erasotzailea biktimaren etxera joan zen sexu harremanak izateko asmoz; emakumearen ezezkoaren ostean eraso zion. Epaileak urruntze agindua ezarri dio.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 35 urteko gizonezko bat atxilotu du Basaurin, emakumezko bati sexu eraso bat egitea egotzita. Biktimak aurpegian eta belaunetan zituen zauriak artatu zituzten Galdakaoko erietxean, eta hura jakinarazteko deiak abiatu du poliziaren ikerketa.
Ertzaintza erietxera azaldu zenean, biktimak azaldu zuen ustezko erasotzailea bere etxera joan zela sexu harremanak izateko asmoz. Haren ezezkoaren aurrean, lurrera bota eta gorputz atalak ukitzen hasi zitzaion. Ahoa ere estali zion, arnasa hartzea zailduz.
Emakumezkoak alde egitea lortu zuenean, ustezko erasotzaileak ihes egin zuen etxetik. Jazotakoaren berri izandakoan abiatu zuen ikerketa Ertzaintzak, eta astearteko 10:00ak aldera atxilotu du. Arratsaldean Bilboko auzitegian epaitu, eta urruntze agindua ezarri dio epaileak.