argia.eus
INPRIMATU
Sexu delituak ugaritu dira Nafarroan 2020 amaieran, Foruzaingoaren arabera
  • Nafarroako Foruzaingoak, egindako ikerketa baten bidez, jakinarazi du Nafarroan sexu-askatasunaren aurkako delituek gora egin dutela 2020ko azken bi hilabeteetan. 

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 14a

Nafarroako Foruzaingoak argitaratu duen txosten batean ondorioztatzen denez, 2020ko azken bi hilabeteetan sexu askatasunaren aurkako delituek gora egin dute Nafarroan. 2020ko azaroko eta abenduko datuak jaso dituzte, eta urte horretako gainerako hilabeteekin alderatuz eta 2019ko datuak erreferentzia gisa hartuta, igoera nabarmena dela ondorioztatu dute. Txostenean zehazten denez, pandemia hasi zenetik joera nabarmen jaitsi da, batez ere mugikortasunaren mugek eta gaueko aisialdiaren gutxitzeak eraginda. Alabaina, ezin ahaztu dezakegu konfinamendua indarrean jarri zenetik indarkeria matxistaren aurka lan egiten duten hainbat eragilek eta mugimendu feministak azpimarratutakoa: indarkeria matxista salaketak jaitsi badira, izan dela emakumeek zailtasun gehiago aurkitu dituztelako salaketak jartzeko.

Datuak eremuka aztertuz gero, abenduan Iruñerria izan da salatutako indarkeria matxista gehien erregistratu duen eremua, kasuen %89arekin. Delitu motei dagokienez, zazpi sexu-abusu eta bi sexu-eraso salatu dituzte. Bederatzi kasuetan, erasotzailea pertsona ezaguna zen biktimarentzat, eta erasotuen batez besteko adina 31 urtekoa da eta erasotzaileena 33 urtekoa.

Txostenean jasotzen den sexu delituen gorako tendentzia hori erregistratu aurretik, salatutako sexu erasoen kopuruak beherako bidea hartua zuela adierazi du Foru Poliziak, jaitsiera %60tik gorakoa izatera iristeraino. Aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, adibidez, uztailean %61 jaitsi zen sexu eraso salaketa kopurua; Poliziaren arabera, Sanferminak bezalako festa jendetsuak egin ez direlako.