argia.eus
INPRIMATU
Sexu bereko pertsonen ezkontzak gertuago Australian, aldeko bozketa baten ondoren
  • Sexu bereko pertsonen ezkontzak legeztatzearen inguruko inkesta egin dute Australian, posta bidez. 12,7 milioi herritarrek eman dute botoa: %61,6k alde bozkatu du, eta %38,4k kontra. Bozketa ez da loteslea baina Parlamentuan lege proiektu bat aurkezteko balio dezake.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko azaroaren 15a

16 milioi herritarrek zuten bozkatzeko eskubidea;  %79,5ak hartu du parte, eta babes zabala jaso du sexu bereko pertsonen ezkontzak legeztatzeko proposamenak. Malcolm Turnbull Australiako lehen ministroak “aurrerapausoa” dela azpimarratu du.

Legea aurkezteko bi proiektu ditu Gobernuak mahaiaren gainean. Bietako batek, ezkontza horiek egin nahi ez dituen sektore erlijiosoa babestea du helburu, berme juridikoa eskainiz.

1961. urtekoa da Australiako ezkontza legea. 2004an ezkontza “soilik gizon eta emakumeen artean eman zitekeen” lotura zela zehaztu zuen Parlamentuak. Herri galdeketaren ondoren, sexu berekoen arteko ezteiak ere lege horren barruan sartu daitezela eskatu dute gobernuko nahiz oposizioko hainbat kidek.