argia.eus
INPRIMATU
Sexu bereko bikoteen ezkontzek argi berdea AEBetan
  • Ezkontza “soilik emakume eta gizonezko baten arteko batasun legaltzat” jotzen duen DOMA legea baliogabetu du AEBetako Auzitegi Gorenak. Kalifornian ezkontza homosexualak debekatzen dituen lege-proposamena ere bertan behera uzteko erabakia hartu dute epaileek. Haatik, gainontzeko estatuek sexu berekoen arteko ezkontzak onartu edo debekatzeko aukera izango dute oraindik. Bi kasuetan, bederatzi epaileetatik bostek babestu dute erabakia.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko ekainaren 27a
Kalifornian sexu bereko ezkontzak legezko dira Auzitegi Gorenaren erabakiaren arabera (Argazkia:oregonlive.com)

Bill Clintonen Gobernuak 1996an onartu zuen DOMA legearen aitzakian, senar-emazte heterosexualei ezkondu homosexualek ez dituzten eskubideak aitortzen zaizkie. Presidente ohiaren ustetan legea “diskriminatzeko” erabili da eta indargabetzeko eskatu du. Auzitegi Goreneko bozeramaileak adierazi duenez DOMA legeak “konstituzioa urratzen du”.

Kaliforniako estatuan 2008an onartu zen sexu berekoen arteko ezkontza, baina urte bereko azaroan egindako erreferendumean debekatzeko proposamena gailendu zen. 2010ean Auzitegi Federal batek debekua baliogabetu zuenean, Kaliforniako Gobernuak proposamena defendatzeari uko egin zion, eta homosexualen eskubideen aurkako talde batek jarraitu du auzibidearekin. Auzitegi Gorenak ordea, Kalfiorniako Gobernuak uko egin zionez, herritarrek auzibidearekin jarraitzerik ez dutela ebatzi du.

Barack Obama AEBetako presidentearen ustetan, Auzitegi Gorenaren erabakia “aurrerapausoa” da. Sexu berekoen arteko ezkontzaren aldeko hainbat mezu zabaldu ditu Twitter bidez: “Denok izan behar genuke maite dugun pertsonarekin ezkontzeko aukera”.

Kaliforniakoarekin, hamahiru dira sexu berekoen ezkontzak onartzen dituzten AEBetako estatuak. Gainontzeko estatuetan ez dago horretarako aukerarik, baina beste inon ezkonduz gero, bikoteei eskubideak onartzen zaizkie.

Bihar sexu askapenerako nazioarteko eguna denez, hainbat mobilizazio egingo dira Euskal Herrian. Hauek dira deialdietariko batzuk:

  • Bilbon, 20:00etan Moyua plazan

  • Donsotian, 19:30tan Bulebarrean

  • Gasteizen, 20:30tan Andra Mari Zuriaren plazan

  • Iruñean, 20:00etan autobus geltoki zaharrean