argia.eus
INPRIMATU
Sexu bereko bikoteak Alemanian ere ezkondu daitezke pasa den igandetik
  • Bikote homosexualen ezkontza onartu zuen Alemaniako parlamentuak joan den ekainean eta igande honetan sartu da legea indarrean. Berdintasunaren borrokan eguna bera ospatzeko asmoz, bikote ugari ezkondu da igandean Alemanian.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko urriaren 02a

Berlin, Hanburgo edo Hannoverren ilara egin du jendeak udaletxe eta erregistro zibilen aurrean, ezkondu ahal izateko. “Azkenean, bigarren mailako bikote izateari utzi diogu”, adierazi du Bodo Mende 60 urteko aktibistak; duela lau hamarkadatik duen bikotekidearekin ezkondu da Mende, Berlinen.

Angela Merkel kantzilerrak kontra bozkatu zuen arren, parlamentuak ekainean onartu zuen legea, hala egiten duen munduko 23. herrialdea bilakatuz (Europako 14. herrialdea). Inkestek argi diote Alemaniako gizartearen gehiengoa ezkontza homosexualaren alde dagoela. Estatistiken Bulego Federalak emandako azken datuen arabera, 2015ean sexu bereko 94.000 bikote zenbatu zituen Alemaniako erroldak, horietatik 43.000 formalki erregistratuta.