argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Sexu askatasunaren legea?

Leire Artola Arin 2023ko maiatzaren 02a
'Soilik baietz da baietz' legean sexu erasoa eta sexu abusua bateratu dituzte, baina frogatu beharko da indarkeria edota larderia egon dela, zigorrak handitzeko. Argazkia: Ecuador Etxea.

Atzean geratu zen feministek "ezetz ezetz da" aldarria oihukatzen zuteneko aldia. Urteak dira "soilik baietz da baietz" defendatzen hasi ginela, sexu erasoen errua emakumeon bizkar erori ez zedin. 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren erantzuna mugarri izan zen horretan, eta kaleetako borroka instituzioetara iritsi zen; berandu, eta hautsak harrotzera, noski. Soilik baietz da baietz legea izan da Espainiako Gobernu koalizioan, PSOE eta Unidas Podemosen artean, tentsio handien eragin duen auzietako bat. Urrian abiarazi zuten Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Espainiako Lege Organikoa, onespenaren ideia erdigunean jartzeko adostu zutena: sexu abusua eta sexu erasoa delituak bateratu zituzten, besteak beste, saihesteko emakumeek frogatu behar izatea erresistentzia jarri zutela erasoaren unean. Birbiktimizazioa eta errua alboratu nahi izan zituzten.

Baina legeak "akatsak" omen zituen: zenbait epailek legea baliatu zuten sexu erasoak egin zituzten presoei kondenak txikitzeko. Gizartea asaldatu zen, eta alarma soziala pizteko erabili zuten hainbat hedabide eta alderdik, bortxatzaileak kalera ateratzen ari zirela esanez, eta emakumeei beldurra eta babesgabetasuna eraginez. Bada, sei hilabeteren ondoren, legearen erreforma onartu dute Senatuan, apirilaren 26an, "akatsak konponduta". Apirilaren 20an pasatu zuen Kongresuko langa, baina desadostasun nabarmenekin: PSOEk aldebakarrez aurkeztutako proposamenak PPren babesa izan zuelako egin zuen aurrera erreformak. Aldeko 233 boto –EAJ barne–, aurkako 59 –EH Bildu eta Unidas Podemos tartean– eta 4 abstentzio jaso zituen. Beraz, eskuinak nahi izan duelako onartu da "sexu askatasuna erabat bermatzea" helburu duen lege erreforma. Hain zuzen, Irene Montero Berdintasun ministroak PSOEri kritikatu dio onespena "antzerkitzat" dutenekin negoziatzea, eta euren proposamenei bideak ixtea. Podemosek eta EH Bilduk, besteak beste, eskatu dute onespena "ez ukitzeko", eta indarkeria erdigunean jarri ordez, larrigarritzat jotzeko. Eztabaidak alferrikakoak izan dira, ordea, eta PSOEk erabaki du akatsak bere kabuz "konpontzea".

Zein akats konpondu dute, bada? "Delitu larrienak zigor handiagoa" izango duela, Pilar Llop Justizia ministroak berretsi duenez. Alegia, zigor handiagoa izango dute indarkeria edota larderia egon dela frogatzen den kasuek; onespena erdigunetik alboratu dute, eta horixe izan da feministek egin dieten kritika nagusia. Birbiktimizazioak indarrean segituko du. Zein mezu helarazten die horrek emakumeei? Erasoa dela soilik erresistentzia jarri bada; berriro ere atzera "ezetz ezetz da" lelora. Berriro ere atzera, erasoen karga andreen bizkar jartzera. Eta sistema punitibistan kartzela zigorren urteak gora edo behera egin behar duten eztabaidatzen ari garen bitartean, gizonek jarraitzen dute patriarkatuaren izenean "sexu askatasuna" praktikatzen, sexu erasoen eta sexu harremanen arteko diferentzia ulertzeko "zailtasunekin".