argia.eus
INPRIMATU
Sexu askatasunaren kontrako erasoek gora egin dute eskualdean
  • Azken asteetan Irungo zenbait establezimendutan emandako lapurreten harira, sare sozialetan eta zenbait komunikabidetan piztu den alarmari aurre egin nahian edo, Ertzaintzak, Irun-Hondarribiko Udaltzaingoak eta bi udalerrietako segurtasunerako zinegotziek egin ohi duten Koordinazio Batzordearen balorazioa publiko egin zuten atzo.

Antxeta Irratia 2019ko otsailaren 18a
Sexu eraso baten aurkako elkarretaratzea Irunen. Argazkia: Bidasoako Hitza.

Irungo Ertzain-Etxetik eman dituzten 2018ko datuen arabera, ez da egia gure eskualdean lapurretek gora egin dutenik. Kontrakoa baizik. Kriminalitate-tasak, aldiz, ezin estali dezake beste errealitate bat, sexu askatasunaren kontrako erasoek gora egin dute, hirukoiztu egin dira zehazki, 2017an 12 sexu eraso salaketa jaso ondotik, iaz 34 izan baitira.

Hortaz gain, 231tik 299ra emendatu dira lesio-delituak, eta zentzu honetan igoerarik nabarmenena familiaren esparruko erasoetan izan da, 76 salaketarekin.

Halere, orohar, eskualdeko delitu tasa %1,62 apaldu zen 2018an, 2.670 arau-hauste eman direlarik, 34 gutxiago. Eta bereziki, hain zuzen ere lapurretek %5,97 egin dutelako behera. Izan ere, 2017an baino 108 lapurreta delitu gutxiago egin ziren iaz Irun-Hondarribian, bereziki, indarra erabilita egindako lapurreten kasuan. Beraz, datu ofizialek agerian uzten dute, lapurreta delituek gora egin dutela gezurra dela.

Albistea Antxeta Irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.