Artikuluak, filmak, liburuak, telesailak, webguneak… gomendatuz, Pozoi Larroxa kaleratu du Hiruki Larroxa kolektiboak: “Sexu eta genero disidenteon kuirentenarako biziraupen liburuxka”. Bereziki, beren izatea onartzen ez den etxeetan konfinatuta dauden horientzat ihesgunea izan nahi du liburuxkak.
“COVID-19aren ondorioz sortutako egoera ez-ohiko honen aurrean, ez-ohiko irtenbidea” proposatzen du kolektiboak: PDF formatuan kaleratu dute liburuxka, eta eduki gehienen gainean klik eginez gero, esteka irekitzen da informazio gehiagorekin. Artikuluak, liburuak, fanzineak, musika, filmak, dokumentalak, telesailak, webguneak, sortzaileak, eragileak eta data esanguratsuak bildu dituzte ale honetan.
“Gaur egungo konfinamendu egoeran, askoren ihesgune askatzaile hori desagertu egin da eta etxeko ‘infernura’ bueltatu behar izan dira. Hainbat eta hainbat pertsona beraien izatea onartzen ez den etxeetara bueltatzera behartuta izan dira. Horientzat da bereziki Pozoi Larroxa. Injustua eta zapaltzailea den jendarteari aurre egiteko eta iraultzeko baliabide eta motibazioekin elkar pozointzeko”.
Normaltasuna ez, mesedez
Izan ere, kolektiboak beharrezko ikusten du pozoia zabaltzea gaur egungo egoera iraultzeko, baina ez normaltasunera bueltatzeko; “gu ez baikara inoiz normalak izan. Eta anormaltasuna da nahi duguna. Aurreko normaltasun horrek ez zeukan gure mundu ikuskeraren antzik. COVID19aren aurretik, prekarizazioa zegoen, kontrola zegoen, autoritarismoa zegoen, ekonomian zentratutako heriotza zegoen, indibidualismoa zegoen, indarkeria matxista zegoen, LGBTfobia zegoen. Eta hau guztia, garai hauetan areagotu egin da”.
Gomendio sortaren ostean, kolektiboa den lan hau partekatzeko eta elikatzeko deia egiten diote irakurleari.