Igandean izanen da sexu askapenaren aldeko nazioarteko eguna, eta Hego Euskal Herrian ere talde ugarik ekimenak antolatu dituzte.
Hegoaldeko lau hiriburuetan manifestazioak egingo dira asteburuan. Donostian larunbatean 18:00etan aterako da Bulebarretik. Gainontzeko hiriburuetan igandean izango dira manifestazioak. Bilbon (Moyuatik) eta Iruñean (autobus geltoki zaharretik) 12:30ean abiatuko dira, eta Gasteizen, berriz, 13:00etan izanen da hitzordua, Andra Mari zuriaren plazan.
Mobilizazioak ez dira hiriburuetan soilik izanen, ordea. Zornotzan eta Garesen ere deialdiak egin dituzte iganderako. 19:00etan manifestazioak eta jarraian zine maratoia eta proekzioa izanen dituzte, hurrenez-hurren.
Euskal Herriko Bilgune feministatik mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egin dute “Ez obeditu, heteroaraua plazerez lehertu” lemapean eta Ikasle Abertzaleak eta Sare Antifaxistatik ere bat egin dute ekimenarekin.
Emakumeen Mundu Martxatik ekitaldi ugari antolatu dira egun hauetarako. Gorputzaren eta sexualitatearen inguruko hitzaldi zikloa antolatu dute Bilbon (ekainak 23), Donostian (ekainak 24) eta Iruñean (ekainak 26).
Ipar Euskal Herrian aurreko asteburuan egin zituzten sexu askapenaren aldeko ekitaldiak, Biarritzen.