argia.eus
INPRIMATU
Sexu abusuengatik zigortutako Gazteluetako irakasle ohiak aske jarraituko du epaia eman artean
  • Adin txikiko ikasle bati sexu abusuak egiteagatik espetxe zigorra ezarri zion irakasle ohiari Bizkaiko Probintzia Auzitegiak. Asteazkenean jakinarazi denez, epaileak epaia eman artean aske jarraituko du auzipetuak. Epaia jakinarazi arteko tartea urtebetekoa izan daiteke.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 28a

Auzipetuari hamaika urteko kartzela zigorra ezarri zion Bizkaiko Probintzia Auzitegi berberak hartu du epaia atera bitartean akusatua aske uzteko erabakia. Sexu abusuak pairatu zituen gaztearen familiak irakaslea espetxeratzeko eskatu zuen, ihesari emateko arriskua zegoela argudiatuz. Asteazkenean, baina, eskari horren gaineko ikustaldia egin dute, auzipetuaren defentsa abokatuak hala eskatuta. Fiskaltza bat etorri da auzipetuaren abokatuarekin, eta ihes egiteko arriskua baztertu dute.

Gorenari dagokio orain defentsa abokatuak ezarritako helegitearen gaineko erabakia hartzea, eta urtebete iraun dezake. Tarte horretan aske jarraituko du irakasle ohiak, eta badaezpadako neurri modura, pasaportea kendu diote eta astean behin auzitegira sinatzera joateko betebeharra ezarri.

Akusazio partikularra ez dator bat erabakiarekin, eta “zigor larria izanik espetxeratzea merezi zuela” adierazi dute, “alarma sozialagatik eta, batez ere, delitua errepikatzea ekiditeagatik”.

Sexu abusu jarraituak

Leioako Opus Deiko Gaztelueta ikastetxeko ikasle ohi batek salatu zuenez, 2008tik 2011ra bitartean, bi ikasturtez egin zizikion sexu abusuak irakasleak. Abusuak pairatu zituenean 12-13 urte zituen, eta gehiegikerien ondorioz bere buruaz beste egiten saiatu zen eta gaur egun psikologoarengana joaten jarraitzen du.