argia.eus
INPRIMATU
Sexu abusuen biktima diren adin txikikoei arreta osoa emateko proiektu bat abiatuko du Jaurlaritzak
  • Islandian sortutako Barnahus proiektu pilotua EAEra ekarri dute. Beatriz Artolazabalek argitu du asmoa dela laguntza judiziala zein soziosanitarioa eskaintzea.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 13a
Beatriz Artolazabalek jakinarazi du Islandiako Barnahus eredua EAEn abiatuko dutela.

Sexu abusuak jasan dituzten adin txikikoei arreta osoa emateko Barnahus proiektu pilotua martxan jarriko du Eusko Jaurlaritzak. Hala zehaztu du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta jakinarazi du programa horren helburua dela biktimei laguntza osoa ematea; alegia, judiziala eta soziosanitarioa. Proiektua Islandian sortu da, eta abusuak pairatu dituzten haurrak artatzeko errespetuzkoak zaizkien "haurren etxebizitzak" sortzean oinarritzen da. Save The Children Gobernuz Kanpoko Erakundearen bidez ekarri dute EAEra.

Asteazken goizean egin dute Haur eta Nerabeen Arretarako Batzorde Iraunkor Sektorialaren bilera eta bertan azaldu dute Barnahus proiektuaren lehen urratsa “diagnostiko sakona” egitea izan dela. Lantalde tekniko bat osatu dute eredua EAEko “ezaugarrietara eta berezitasunetara egokitzeko”, eta azaroaren erdialdean aurkeztuko dute bildutako informazioaren eta gomendioen txostena. Zenbait arlotako ordezkariak elkartu dira taldean: justiziakoak, talde psikosozialetakoak, osasunekoak, hezkuntzakoak, segurtasunekoak, Foru Aldundietako Haurren Zuzendaritzetakoak eta Arartekoarenak.

Haurrak eta nerabeak babesteko legea

Halaber, bileran beste bi gai jorratu dituzte: Haurrak eta Nerabeak Babesteko Euskal Lege berria eta kolektibo horientzako indarkeriaren aurkako euskal estrategia. Estrategia horrek fokua jarriko du indarkeriari aurre hartzean eta esku-hartze azkarrean. Artolazabalek azpimarratu du hiru proiektuak “azken faseari aurre egitear” daudela.