argia.eus
INPRIMATU
Txostena pedofiliaz
Sexu abusuen aurrean Ratzingerrek ez zuen “ezer egin” Municheko artzapezpiku zela, txosten baten arabera
  • Joseph Ratzinger Benedicto XVI.a egungo Aita Santu emerituak gutxienez haurrei egindako lau sexu abusuren kasuak ezagutu zituen Munichen artzapezpiku zenean, baina ez zuen "inongo interesik" agertu horien kontra egiteko, txostenaren egileen arabera.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko urtarrilaren 20a
Joseph Ratzinger, Benedicto XVIa Aita Santu emeritua

Municheko artxidiozesiak agindutako txosten batek agerian utzi du Alemaniako eskualde horretan hainbat hamarkadatan ehundaka sexu abusu kasu gertatu zirela, Eliza katolikoko ordezkariek 8 eta 14 urte arteko haurrei egindakoak. Bigarren Mundu Gerraz geroztik ia gaur egun arte dokumentatu dituzte kasuak, baita 1977 eta 1982 urteen artean ere, Joseph Ratzinger –egungo Aita Santu emeritua– artxidiozesiaren buru eta artzapezpiku zenean.

Txostena abokatu talde batek egin du eta oso kritikoa da Benedicto XVI.ak izandako jarrerarekiko. Ostegun honetan egindako aurkezpenean azaldu dutenez, gutxienez haurrei egindako lau sexu abusu kasuren berri izan zuen Municheko artzapezpiku izan zenean, horietako bi elizgizonek eginak, baina ez zuen "ezer egin", eta ez zuen "ageriko inongo interesik" azaldu horien kontra egiteko.

Ratzingerrek akusazio horiek ukatu dituela dio abokatu taldeak, baina bere erreakzioa ez dela "sinesgarria". Areago, beste kasu batean, parroko baten leku-aldatzea erabakitzeko bileran izan zela diote, parrokoak egindako sexu abusuak estali nahian. 1980an aldatu zuten tokiz elizgizona Essengo apezpikutzatik Munichera.

Sexu abusuen eskandaluak Alemaniatik Vatikanora egin du jauzi, eta Erromak txostena "sakon" aztertuko duela iragarri du. Alemanian gertaturiko gehiegikeria horiez iaz argitaraturiko beste txosten baten ondorioz Reinhard Marx kardinalak dimisioa aurkeztu zuen, baina Vatikanoak ez zion onartu.

Benedicto XVI.ak pedofiliaren aurrean izan duen jarrerak zer esan asko eman du, bere diskurtsoetan pedofilia legitimatzen saiatu izan delako askoren ustez, kontu "transbertsal" gisa aurkeztuz, Eliza Katolikoaren arazotzat baino. Esaterako, berrikitan Aranzadi argitaletxeak sexu abusuez eta Eliza Katolikoaz kaleratutako liburu batean azaltzen denez, Ratzingerrek 68ko maiatzeko "sexu askatasunaren" testuinguruarekin ere lotu nahi izan du diskurtso hori, hainbat ikerketek oso garbi erakusten duten arren mugimendu askatzaile horiek ez zutela sexu abusuekin inongo erlaziorik izan ezta haien ugaritzerik eragin ere.