argia.eus
INPRIMATU
Sexu abusuak salatu dituzte Iruñeko mojen eskola batean
  • Iruñeko moja urtsulinen neskentzako eskolan ikasle izandako bi emakumek abusuak salatu dituzte, Noticias de Navarrak argitaratuko elkarrizketan. 1960ko hamarkadan abusuak orokortuak zirela, agerian egiten zirela eta inpunitatea erabatekoa zela adierazi dute.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 23a

Asun eta Sagrario dira lekukotza eman dutenak. Biak Iruñeko Alde Zaharrean jaio eta bizi dira, Asunek 68 urte ditu eta 72 Sagrariok. 1960ko hamarkadan umeak ziren, eta Navas de Tolosa kaleko moja urtsulinen eskolara joan ziren. Han bizitakoa kontatu dute oraine, bizipen pertsonalak zein giro orokorra deskribatuz.

Sagrariok dio moja bat berarekin “maitemindu” zela. Klaseak amaituta berarekin bakarrik geratzera behartzen zuen. “Mahaia jartzen nuen erdian beti, inoiz ez nion hurbiltzen utzi banekielako zer gertatzen zen”. Bere arrebaren esperientzia gordinagoa izan zen. Direla 15 urte aitortu zituen lehen aldiz Ursulinetan sufritutako abusuak. Hamaika urterekin erizaindegi ondoko gelara lekualdatu zuten, eta “Magdalena de cristo” moja erizaina goizez eta gauez ohean sartzen zitzaiola kontatu zion ahizpari: “Kontatu zigun mojak berataz abusatzen zuen bitartean ez zekiela nola erreakzionatu, guztiz blokeatuta geratzen zen”.

Abusu orokortuak eta inpunitatea

Elkarrizketatuek abusuak orokortuak zirela ziurtatzen dute elkarrizketan: “Inpunitatea erabatekoa zen. Guk dakigula neskatoez abusatzen zuten bost moja zeuden gutxienez (Magdalena de Cristo, Paloma, Begoña, Laura eta Amelia…)”.  Izena ere ba omen zuten abusatzaileek: entxufatuak. “Hain zen ezaguna ez zela batere intimoa”, diote bi elkarrizketatuek beste pasarte batean. Egunero neska berarekin oheratzen zen moja baten kasua aipatzen dute, edo moja berak Oviedorako autobus bidaia 16 urtetako neskato bat denen aurrean musukatzen eman zuen egunekoa.

Apaiz baten abusuak ere aipatzen dituzte: “Eskolako apaizarekin konfesatzera behartzen gintuzten (Iruñeako katedraleko apaiz bat, bizirik dagoena). Galdera oso morbosoak egiten zizkigun: ‘Ukitzen zara?’, ‘non?’, ‘zenbatetan?’, ‘berotzen zarenean hankak gurutzatu edo zer egiten duzu?’. Ziur naiz bitartean bera konfesatokian ukitzen ari zela”.

Salatzearen beharraz

Abusuak salatzearen zailtasunak nabarmentzen dituzte Sagrariok eta Asunek. Orduan, zein egun ere. “Eskolan ez genuen ezer esan haiek zirelako abusuak egiten zituztenak, denek zekiten. Hortik ihes egitea zen egin zenezakeen bakarra, hori da egin genuena”. Sagrariok 18 urterekin kontatu zuen familian: “Nire ahizpetako bat, gero moja sartu zena, esan zidan gezurretan ari nintzela”. Gurasoekin “ez ginen saiatu. Gure aita elizari oso lotua zegoen”. Asunek beste gertakari bat aipatzen du, familian abusuak salatzeko zailtasunen harira: “Urteetara senide baten abusuak sufritu nituela kontatu nien, eta nire aitaren erreakzioa dirua eskaintzea izan zen, hitz egin ez nezan”.

Zailtasunak zailtasun, ordea, salatzearen beharra defendatzen dute Asunek eta Sagrariok: “Salatzea egin daitekeen gutxienekoa da. Zipriztindu zaitzaketen ondorioak egon arren, egin beharra dago, guztiaren gainetik”.