Eliza barruan izandako sexu abusuak ikertu eta adingabeak babesteko Bilboko Elizbarrutiak sorturiko batzordeak 50 biktima baino gehiago elkarrizketatu ditu 2019an martxan jarri zenetik. Orain ikerketaren emaitzak plazaratu dituzte: "Gure elizan ere gertatu dira sexu gehiegikeriak", aitortu du Carlos Olabarri batzordeko zuzendariak. ARGIAk erreportaje zabala kaleratu du azken zenbakian Elizako pederastia kasuen inguruan.
Bilboko Elizbarrutiak sexu abusuen inguruan egindako ikerketaren emaitzen berri eman du asteazken honetan Bilbon, eta azaldu du adingabeak babesteko batzordeak 32 txosten ireki dituela 2019tik martxan jarri zenetik, abusatzaile bakoitzeko bat. Denera 50 biktima elkarrizketatu dituzte denbora honetan, baina ohartarazi dutenez, "ez da erraza" biktima kopuru zehatzak ematea.
Carlos Olabarri batzordeko zuzendariak eta Gemma Escapa abokatuak hitz egin dute prentsaren aurrean, jasotako datuak argitzeko. "Gure elizan ere gertatu dira sexu gehiegikeriak –esan du Olabarrik–. Edozein biktima-kopuru larregi da eta edozein gehiegikeria, arin itxurakoa bada ere, jasanezin eta onartezina da”.
Hamalau kasu Bilboko Elizbarrutiko abadeei dagokie, denak hilda daude
Hainbat biktimak euren pribatutasuna eskatu dutela azaldu dute, beste batzuek Elizari erantzukizunak hartzeko eta "barkamena eskatzeko" eskatu diete. Nolanahi ere, kasu bakoitza "bakarra eta berezia" dela adierazi du Olabarrik.
Hamalau apaiz hilda eta kasu guztiak preskribatuta
32 txostenetatik hemezortzi kasu ordena erlijiosoei loturikoak dira eta hamalau Bilboko Elizbarrutiko abadeei, azkeneko hauek guztiak hilda daude. Gainera, jakinarazi dutenez, kasu guztiak daude preskribatuta.
Nolanahi ere, Elizbarrutiak ez du erasotzaileen izenik eman, ezta gehiegikeriak noiz eta nola gertatu ziren esan ere.
Bilboko Miserikordi Etxea eta Derioko Seminarioa
Bi kasutan txosten berezituak egin ditu Elizbarrutiak, "hedabideetara jauzi egin ondoren", azaldu dutenez. Bilboko Miserikordi Etxekoa da bata, EHUko Jone Valdueza eta Gema Varona ikerlariek egina: 1961etik 1978ra toki horretan sexu abusuak jasandakoekin hitz egin dute eta, azaldu dutenez, kasu askotan "biktimek ez dute gertatutakoaz ezer esaten".
Urkiolako santutegian Manuel Estomba apaiz pederastaren erretratu bat izan zen ikusgai, duela urte batzuk biktimetako batek kentzeko eskatu zuen arte
Beste kasua Derioko Seminariokoa da. ARGIAk 2019an azalerazi zituen gertaturiko sexu abusuak, testigantza baten bidez. Deustuko Unibertsitateak ikerketa egin du, eta ondorioen txostenean (pdf) dioenez, hiru abusatzaile izan ziren seminario horretan 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, baina kasu horietan ere ez da izenik ematen.
Hedabide honek azaldu moduan, horietako bat Manuel Estomba seminarioko txikiko zuzendari espirituala zen, ikasleei "higiene genitala" aitzaki hartuta abusuak egiten zizkiena. Estomba Ekuadorrera misiolari joan zen eta itzulitakoan Urkiolako santutegian egon zen.
Deustuko Unibertsitateko txostenak azaltzen duenez, baina, Estombak ez zuen inolako zigorrik jaso egindakoagatik. Irungo parke batek abusatzailearen izena darama oraindik, eta txostenak argitzen duenez, Urkiolako santutegian bere erretratu bat izan zen ikusgai, duela urte batzuk biktimetako batek kentzeko eskatu zuen arte.