argia.eus
INPRIMATU
Sexismorik gabeko Ibilaldia helburu, ehunka eragile more igandean Durangon
  • Parekidetasuna zeharlerro moduan landu dute Ibilaldian, eta, horretarako, lau pertsonako lan-taldea sortu dute.

Anboto @anboto 2016ko maiatzaren 23a
Aitziber Zearreta, Nagore Uribena, Isabel de Blas eta Mireia Delgado (argazkia: Anboto).

Ibilaldian parte hartzen duten taldeetan eragina izaten saiatu dira: “Talde askotan aliatuak izan ditugu. Hasieratik esan genuen guk ez genuela lan guztia gainbegiratuko. Irizpide batzuk mahai gainean jarri, eta betaurreko more horiek ipinita bakoitza autonomo izatea izan da helburua”, azaldu du Aitziber Zearretak.

Eragile moreen funtzioa

Ibilaldi honetako nobedadeetako bat eragile morearen figura da. Eragile morea agente bat da, prebentzio agente bat. Alde batetik, egoera hauetan eman daitezkeen erasoak ekiditea izango du helburu. Zaintza funtzioa izango du, gunea behatu beharko du gertatu litezkeen erasoak prebenitzeko.

Beste funtzioa aldarrikapenarena izango litzateke. “Gune ez sexista, anitza eta librea gura dugu, eta hori peto more baten bidez gorpuztea da gure asmoa”, azaldu du Isabel de Blasek. Ibilaldiaren paisaian erasoen kontrako mezua islatuko duen peto morea nahinon izango da presente. Edonor izan daiteke eragile morea. 

“Hau ez da kontzientziatuta dauden lau pertsonek egin beharreko lana. Jendartearen eta kolektiboaren lana da. Ardura kolektiboarena da. 300 peto jarri ditugu, eta pegatinak ere jarriko ditugu. Helarazi gura dugun mezua da guk denok egin beharreko lana dela hau, denon ardura delako. Gure espazioan ez dugula erasorik onartu behar, horixe da zabaldu gura dugun mezua”, dio Mireia Delgadok.

Lan-taldeko kideen berbetan, jendeak aldarrikapen hau bere egitea gura dute. “Gazteek, helduek, emakumeek, gizonek, durangarrek, beste herri batzuetakoek...”.

Ekimenak erantzun ona izan duela nabarmendu dute Ibilaldiko kideek. Pasa den astean, gai honen inguruan formazio saio bat eskaini zuten.

Ekimen honek jarraipena izatea da lan-talde honen asmoa. “Aurrera begira, ikastolen hurrengo jaietako antolatzaileei gure ilusioa eta esperientzia helaraztea dugu helburu”.

Albiste hau Anbotok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.