argia.eus
INPRIMATU
“Sexiliatu ordez, gazte LGTBek Legorretan ikusten dute beren bizi proiektua”
  • Lehenengo aldia da herri txiki batetan bertako biztanle LGTBak anonimoki elkarrizketatu eta komunitatearen diagnostikoa egiten dena. 1.500 bizilagun dituen Legorreta izan da herri aitzindaria, eta Zelai Amenabarro Goikoetxea alkateari galdetu diogu urtebeteko prozesuak utzi dituen ondorioez. “Goizetik gauera ez da sortuko Legorretan anbienteko taberna bat, baina bai herritar LGTBak kontuan hartuko dituzten ekimenak”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko ekainaren 16a
Argazkia: Dani Blanco

Nola sortu zen diagnostikoa egiteko ideia eta beharra?

 “Kanpaina zehatzak egin izan ditugu aurretik, baina beti ekainaren 28ko Harrotasunaren Egunaren bueltan eta oso azalekoak, eta ikusi genuen hori ez dela gaiari benetan heltzea, bestelako politika batzuk landu behar genituela. Udalbatzan erabaki genuen lehenengo pausoa zela kolektiboaren diagnostiko bat egitea, herriko errealitatea ezagutzea arlo honetan, ondoren horren araberako neurri zehatzak hartzen hasteko”. Zuriñe Rodriguez Sudergintza elkarteko eta Ibai Fresnedo Hiruki Larroxako ikerlariak arduratu dira diagnostikoa egiteaz.

Hiri handietan egin izan dira mota honetako diagnostikoak, baina Legorreta da halako zerbait egiten duen lehenengo herria. Herri txikietan inbisibilizatuago dago kolektiboa?

Herri txikietan ikusgarritasuna zaila da eta hori elkarrizketatuek eurek esan dute, horrexegatik ere inportantea da halako diagnostikoak egitea. Legorretakoa beste udal batzuentzat lagungarri izan badaiteke, zoragarri, tokian toki egiten diren politiken berri izatea eta elkarrengandik ikastea beti baita interesgarria.

Jende askok hartu al du parte? Eta horietatik askok anonimoki egin al du? Alegia, herrian kosta egiten al zaio jendeari armairutik ateratzea?

Denetik egon da parte-hartzaileen artean, bai armairuan dagoen jendea, bai armairutik atera dena, bai egoera eta eremu jakin batzuetan bere identitate sexuala esplizitatu duena eta beste egoera batzuetan ez… baina denek egin dituzte elkarrizketak modu anonimoan, espazio eta prozesu segurua izatea bermatu nahi izan dugulako. Kopurua, asko edo gutxi, subjektiboa da. Nik soslaia azpimarratuko nuke: oro har nahiko gazteak dira; badirudi adinekoei zailagoa zaiela halako prozesu batean parte hartzea.

Diagnostikotik ateratako zein ondorio azpimarratuko zenituzke?

Adibidez, deigarri gertatu zait gehienek ez dutela arrisku gisa identifikatzen espazio publikoa, baina aldi berean uste dute publikoki LGTB pertsona moduan agertzeak ondorioak izan ditzakeela; hor badago kontraesan bat. Nabarmentzen dute batik bat zeharka sentitu dituztela irainak eta seinalamenduak, aurrez aurre baino gehiago atzetik, txutxu-mutxuan… Herri txiki izateak eta denek elkar ezagutzeak badakartza txutxu-mutxuak eta komentarioak zabaltzea.

"Gehienek ez dute arrisku gisa identifikatu espazio publikoa, baina aldi berean uste dute publikoki LGTB pertsona moduan agertzeak ondorioak izan ditzakeela"

“Herri txiki, infernu handi” dio esamoldeak. Itogarria izan al daiteke giroa, komunitate txikietan?

Zenbait egoeratan itolarri sentimendu hori bizi dutela adierazi dute elkarrizketatuek, baina nahiz eta herri txikiekin lotu ohi dugun, LGTB kolektiboa oraindik kolektibo askea ez den heinean hiri handietan ere gertatuko dela imajinatzen dut. Erasoak toki guztietan ematen dira, esaterako.

Eta hala ere herri txikietatik hirietara sexilioa egiten du hainbatek, askatasun eta anonimotasun handiagoaren bila…

Aurreko urteetan izan dugu sexiliorik, LGTB jendeak hiri handiagoetara egin izan du alde gurean, baina diagnostiko honetan aldaketa ikusi dugu, belaunaldi gazteak Legorretan ikusten du bere bizi proiektua, LGTB komunitatea ikusarazteko borroka herrian bertan eginez.

Herri txikietako gertutasunak bi alde ditu: elkar zaintzeko sare trinkoagoak erraztu ditzake, baina helduleku gutxiago ere eskaini ditzake, edo behintzat hirian aurkitu dezakezun aniztasunaren falta sumatu daiteke, anbienteko tabernak kasu.

Hala da, txanponaren bi aldeak ditu herriak. Goizetik gauera ez da sortuko Legorretan anbienteko taberna bat, baina bai gutxinaka herriko kultur ekintzetan, aisialdian… LGTB herritarrak kontuan hartuko dituzten ekimenak. Beraiek zein oro har herritar guztiak aintzat dituzten eta seguru sentituko diren espazioak sortzen joatea da bidea. Beraiek ere pixkanaka espazioak hartzen joango dira.

Zer egingo duzue diagnostikoaren emaitzekin?

Diagnostikoaren aurkezpena bera, herriko plazan, sinbolismo handiko ekintza da. Ikusgarritasuna eman nahi diogu diagnostikoari, eta aurkezpena egiteko plaza hartu nahi izan dugu herritar asko kalean den momentu batean (ostiral honetan, iluntzean), ikusgarritasuna bera badelako pauso inportantea. Ondoren, pixkanaka zein neurri hartu ikusteko plangintza osatzen joango gara, Legorreta guztientzat herri bizigarria izatea helburu.