argia.eus
INPRIMATU
Desobedientzia LOMCEri
Sestaon eta Gasteizen ere ez dituzte 3. mailako azterketak egin
  • Sestaoko Markonzagan eta Gasteizko Salburua eta Arantzabela ikastetxeetan ez da ia ikaslerik azaldu Jaurlaritzaren ebaluazio diagnostikoa egitera

ARGIA @argia 2015eko maiatzaren 28a
Kontzentrazioa Sestaoko Markonzaga ikastetxe atarian, azterketa egin behar zen unean (Argazkia: Imanol Nieto Twitter bidez).

Asteartean Ordiziako Jakintza Ikastolak egin bezala, gutxienez beste hiru ikastetxeetako gurasoek egin diote oraingoz  planto LOMCEk eta Heziberrik agindutako Lehen Hezkuntzako 3. mailako probari. Sestaon Markonzaga ikastetxean ia haurrik ez da azaldu, eta gauza bera gertatu da Gasteizko Salburua eta Arantzabela ikastetxeetan.

Kasu guztietan hezkuntza plataformek eta familiek kontzentrazioak egin dituzte ikastetxeen atarian Denok gara 3. Maila. Planto azterketa inposatuei lelopean.

EHIGEk jakinarazi duenez, jadanik azterketa egitea egokitu zaien Gasteizko hiru ikastetxetan eta Ezkerraldeko beste lautan erabaki dute gurasoek euren seme-alabak probara ez eramatea. Gainerako eskola publikoetan familien sinadurak biltzen eta hartu beharreko erabakia eztabaidatzen ari dira.

Datorren astean, besteak beste Santurtziko Mamariga auzoko Itsasoko Ama eskolan, Portugaleteko Maestro Zubeldian, Barakaldoko Arteagabeitian eta Gasteizko Lope de Guereñun daude programatuta azterketak. Guztiek esan dute ezetz:

Hernaniko Langile ikastolan, erabakia aho batez

Hernaniko Langile Ikastola ikastetxe publikoko batzar orokorrak joan den astean erabaki zuen, ahoz batez, 3. mailako azterketa egiteko hautatuen artean egonez gero planto egitea, Hezkuntza Plataformen Topaguneak proposatutakoarekin bat eginez. Ikastola horretako hezkuntza komunitateak oharra kaleratu du elkartasuna eta babesa adieraziz “LOMCEri aurre egiteko desobedientziaren bidea aukeratu duten gainerako ikastetxe eta familiei”.

Bestalde, Hernaniko Hezkuntza Plataformak jakinarazi duenez herriko beste ikastetxeak ere ari dira erabaki bera hartzen. Hala, Elizatxo Ikastolan eta Ereñotzuko Txirritan azterketari planto egitea erabaki dute.

Hernanikoak ez dira prebentiboki erabaki hori hartu duten ikastetxe bakarrak. Laudion esaterako gauza bera egin dute “edozein momentutan edozein ikastetxe pilotu moduan izendatuta ager daitekeela hausnartuta”.