SOS Arrazakeriak Josu Bergara Sestaoko alkatea salatu zuen joan den astean hainbat etorkini erroldatzeko eskubidea ukatzeagatik. Horretan oinarrituta, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen udalbatzan, Bergararen jarrera gaitzetsteko eta haren inabilitazioa eskatzeko. EAJk eta PPk atzera bota dute.
Bergararen jarrera gaitzesteaz gain EH Bilduk eskatu du Udalak bete dezala erroldatze-legea. Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari arazo sozial eta ekonomikoetan konprometitzeko ere eskatu die koalizio subiranistak.
Ezkerraldeko Herrikolore hedabidean argitaratu den testuan, EH Bilduk gogorarazi du Sestaoko langabezia-tasa %27koa dela eta egungo prekarietate egoerak eragin dituela herriko gatazka sozialak. Azken urteetan arazo horiei aurre egiteko Udalak eta gainontzeko instituzioek neurri desegokiak hartu dituela azpimarratu du EH Bilduk.
Immigrazioa eta kriminalitatea modu orokorrean lotzea "inoiz egin behar ez den zerbait" dela ere nabarmendu dute eta gogora ekarri Bergarak lehenago Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun saileko zuzendari izan zela.