Frankismoko krimenak aztertzen ari den Maria Servini epaile argentinarrak Espainiako Estatuarengandik “trabarik ez baina bai moteltasuna” jasaten ari dela esan zuen asteartean Donostiako Udaletxean egindako agerraldian.
Espainiako Justiziak 'Billy el Niño' ezizenez ezagun den Juan Antonio Gonzalez Pacheco eta Jesus Muñecas Aguilar estraditatzeko aukera ukatu zion Serviniri. Erabaki horrek epaiketan eraginik ez duela azaldu du, “ikerketa aurrera doalako”.
“Argitu beharrekoak argitzeko konfiantza” agertu du epaileak, eta gaineratu du posible dela Gonzalez eta Muñecas inputatu bakarrak ez izatea.
Igandean iritsi zen Servini Euskal Herrira, Buenos Airesen deklaratzerik ez duten frankismoko biktimak elkarrizketatzea da bisita honen helburua.
Astelehenean Felix Padinekin hitz egin zuen Miranda de Ebron, eta asteartean Gernikan elkartu zen tropa frankistek fusilatutako gizon baten seme-alabekin, Julen eta Elisa Kaltzada.
Asteazkenean Sevillara joatekoa da, eta Madrilen amaituko du bidaia hilaren 30ean. “Ikerketa Argentinan ez gelditzea” da epailearen nahia, eta Espainiako Estatuan krimenak ikertu daitezen eskatu du.
Gasteizko Martxoak 3ko biktimen elkarteko kide Andoni Txaskori elkarrizketa egin diote Info7 irratian, eta Serviniren bisitaz galdegin diote. Prozesua gehiegi luzatzen ari den arren, Serviniren determinazioa azpimarratu eta goratu du Txaskok. Justizia unibertsala Espainiako Estatuan kasu askotan aplikatu dela esan du, eta frankismoko krimenekin ere berdin jokatu beharko luketela gaineratu du.