argia.eus
INPRIMATU
Sergio Mattarella Italiako presidenteak lau egun eman dizkie alderdiei “gobernu egonkor bat” osatzeko
  • Asteartean utzi zuen kargua Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak, Matteo Salvini barne ministroa gogor kritikatuz. Gobernu egonkorra eratzeko lau egun eman dizkie Sergio Mattarella presidenteak alderdiei.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 23a
Sergio Mattarella Italiako presidentea.

Gobernu koalizioaren hausturaren ostean, Sergio Mattarella Italiako presidenteak krisi politikoa “gobernu egonkor” batekin konpondu nahi du. Hori dela eta, alderdiei lau egun eman dizkie gobernua eratzeko eta hauteskundeak ekiditeko. Lega eta Bost Izarren Mugimendua alderdien arteko haustura nabaria da, eta zaila ikusten da hauen arteko adostasuna.

Une honetan, gobernua eratzeko bi aukera nagusi daude; bata, Lega eta Bost Izarren Mugimenduaren arteko adostasuna litzateke, baina oso zaila dirudi azken urtean koalizio gobernuan izan dituzten kontraesanak direla eta. Egoera hala, Luigi di Maio Bost Izarren Mugimenduko hautagai nagusia gobernu alternatiboa eratzen saiatuko da Italiako Parlamentuko beste alderdiekin, Mateo Renzi lehen ministro ohiaren Alderdi Demokratikoa tarteko.

Asteartera arte eman die denbora Sergio Mattarella presidenteak alderdiei, baina gobernua “adostasunez” eratu behar dutela azpimarratu du, egonkortasuna bermatu eta “hauteskundeak ekiditeko”.

Gobernu heterogeneoa

2018an izan ziren hauteskundeak Italian, eta Matteo Salviniren Lega alderdi ultraeskuindarrak irabazi zituen, nahiz eta Bost Izarren Mugimendua Luigi Di Maioren alderdia oso gertu izan. Hala, negoziazio epea ireki zuten gobernua eratzeko, eta azkenean Giuseppe Conte abokatua aukeratu zuten lehen ministro independentea izateko. Bi alderdietako hautagai nagusiek Ministro Batzordeko lehendakariordetza partekatu zuten. Matteo Salvini barne ministro izendatu zuten, eta Luigi Di Maio, berriz, ekonomia ministro.

Hasieratik gobernuko bi aldeen artean arazo eta kontraesan asko izan ziren. Matteo Salvini barne ministroak hartzen zituen erabakiak, migrazio-politikan batez ere, izan ziren liskar-iturri nagusiak. Izan ere, Salvini betidanik izan da parlamentarismo eta adostasunaren etsaia, eta populismoaren alde egiten du.

Barne haustura hau dela eta, Giuseppe Conte lehen ministroak kargua utzi du astearte honetan, eta gobernu berria eratzeko epea ireki da. Sergio Mattarella Italiako presidentearen zeregina da gobernuaren eraketa kontrolpean izan eta Italiako batasun nazional eta instituzionala bermatzea.