argia.eus
INPRIMATU
Senpereko bosgarren kolegioaren obrak martxan dira, datorren ikasturtean estreinatzeko asmoz
  • Azaroan lortu zuen Seaskak Senpereko lakuaren ondoan bosgarren kolegioa eraikitzeko baimena, eta abenduan hasi ziren eraikuntza lanekin. Datorren ikasturtean lehenengo 80 ikasleak hartzeko xedea dute; gerora, 300 gazterentzako lekua egitea dute helburu.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 27a
Abian dira Senpereko kolegioa eraikitzeko lanak, lakuaren ondoan. / Argazkia: Franc Dolosor, Radio France

Seaska Ikastolen elkarteak bosgarren kolegioa izango du Senperen (Lapurdi). Eraikuntza lanak abian dira abendutik, eta datorren ikasturtean lehen ikasleak hartzea espero dute –kolegioak bigarren mailako ikasleak hartzen ditu–. Asteon aurkeztu dute 40. Herri Urrats, eta maiatzaren 14ko egunetik lortutako dirua Senpereko kolegiora bideratuko da.

Egun, lau kolegio daude Ipar Euskal Herrian: Baionan, Ziburun eta Kanbon bana (Lapurdi) bat, eta Larzabalen (Nafarroa Behera) bestea. Ikastoletako arduradunek azaldu dute, azken urteotan eraikin horiek handitu dituzten arren, kolegioak gainezka daudela, eta beharrezkoa dela bosgarrena. 

Kazetak jaso duenez, obra bi zatitan banatuko dute, ahalik eta azkarren hartzeko lehen ikasleak. Hala, datorren ikasturtean 80-85 Senperen jaso ahalko dituzte eskolak, 6. mailako bi klase eta 5. mailako beste birekin.

Hasiera batean 150 ikaslerentzako espazioa sortu nahi dute, eta gerorako helburua 300 hartu ahal izatea da. Sara, Azkaine, Ahetze, Arrangoitz eta Senpere bertatik etorritakoak bilduko dira.

Aintziraren ondoan

Senpereko herriak Seaskaren esku utzi zuen lur saila, aintziraren eta Amezpetu auzoaren artean. Asteburuetan eta oporraldian herriari irekita egongo da kolegioaren aterpea. Halaber, urtero Senpereko lakuaren bueltan leku hartzen duen Herri Urratseko materiala gordetzeko baliatzea aurreikusten dute.