argia.eus
INPRIMATU
Senpereko auzapezaren jardunarekin kritiko, oposizioak ere dimisioa aurkeztu du
  • Dominique Idiart auzapeza behartuta egongo da hauteskundeetarako deia egitera, agintaldi erdian, krisi politikoari irtenbidea emateko. Babesik gabe geratu da Idiart: gehiengoko taldeko hamar hautetsik urrian kargua utzi zuten, eta asteburuan oposizioko beste zazpik ere bera egitea erabaki dute.

Leire Artola Arin 2022ko abenduaren 05

“Udalaren kudeaketak eskatzen du informazioan gardentasuna egotea eta hautetsi guztiekin elkarrizketa baketsuak edukitzea”, argudiatu dute oposizioko hautetsiek. Astelehenean aurkeztuko dute dimisioa udalean, eta aurreikusten da 2023ko martxoan hauteskundeak egin beharko dituztela Senpereko herriko etxean, Mediabask hedabidearen esanetan.

Aurreikusten zena gertatu da, izan ere, azken hilabeteetan krisi politiko betean daude Senpereko Udalean, eta Dominique Idiart auzapezaren kudeaketak kritika asko jaso ditu. Urriaren 10ean Idiarten taldeko bost hautetsik kargua utzi zuten, eta salatu zuten udaleko erabakiak soilik lauzpabost pertsonaren artean hartzen zituztela. Bide beretik, urriaren 14an Senpere Bai ezkerreko talde abertzaleko beste bost hautetsik dimisioa aurkeztu zuten; Idiarten gehiengoaren parte ziren.

Dena den, auzapezak ez zuen kargua uzteko inolako asmorik, eta gutun batean argitu zuen ez dela “dimititzen duen gizona”: “Ez naiz nire taldearekin, zurekin, hartutako konpromisoak betetzen ez dituen gizona”. Orain, ordea, Jean-Bernard Dolosor-en oposizioko zazpi hautetsiren dimisioarekin, ez dago udalbatza osatzeko behar den gutxiengo hautetsirik.