argia.eus
INPRIMATU
Senpereko aintzira gainezka
  • Herri Urratsek, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festak sostengu garrantzitsua lortu zuen atzo, joan den urtetik aurreikusita duen hazkundeari erantzuteko hain premiazkoa duena. Iazko Herri Urratsen emaitza oso ona izan zen, Seaskako zuzendari Hur Gorostiagaren hitzetan, “eta aurten berdintsua edo hobea izan da”.

2012ko maiatzaren 14a
Herri Urrats.

Giroa atsegina eta salmentak ezin bikainagoak izan baziren ere, erreibindikazioari tartea egin zitzaion atzokoan: “Seaska hazkundean da, arriskuak hartu ditu, eta herriak bat egin du proiektuarekin. Herriak bere sustengua erakutsi digu eta orain erakundeei dagokie segitzea”.  Bestalde, euskarazko hezkuntzaren ezagupen instituzionala lortzeko daraman borrokaren baitan, berri on bat eman zuten aditzera. Baxoan edo bigarren hezkuntzaren ondoren pasa beharreko azterketa ofizialean, beste ikasgai bat ere egin ahal izango dute euskaraz. Orain arte historia eta geografia besterik ez zuten aukeran, aurten matematika ere izango dute.

Senpereko aintziraren inguruan antolatutako ekitaldien artean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Anje Duhalde, Obrint Pas, Su ta Gar edota Zuberoako maskarada ikusi ahal izan ziren. Azken hau Xiberoako Ikastoletako Ikasle Ohien Elkartearen eskutik.

Azken nobedadea, berriz, euskal moneta ekologiko eta solidarioa bultzatzen duen elkarteak eskaini zuen. Mila lagun baino gehiago hurbildu ziren karpan jarritako mahaira, moneta alternatiboari jarri beharko litzaiokeen izenaren inguruan boza ematera. "Eusko" aukeraren alde egin zuen gehiengoak.