argia.eus
INPRIMATU
Señora Sariketaren finala ekainaren 4an izango da Leitzan
  • Ekainaren 4an jokatuko da II. Señora Sariketako finala, Leitzan. Hauek dira kantuan arituko direnak: Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Aner Euzkitze eta Sarai Robles sailkatu dira Hendaia eta Laudioko kanporaketetatik, eta Erika Lagoma eta Uxue Fernandez dira bigarren edizioko ohorezko "señora" gonbidatuak.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 02a

Guztira, hamalau bertsolarik parte hartu dute aurtengo sariketan. Antolatzaileek azaldu dutenez, "emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko identitateen ikusgarritasuna bilatzen duen lagunarteko txapelketa" da Señora Sariketa. Hendaiako eta Laudioko kanporaketen ondotik, ekainaren 4an jokatuko da II. Señora Sariketako finala Leitzan: 17:00etan hasita, Herri Aretoan. Finalean arituko diren sei bertsolariekin batera, Herrialde Katalanetatik etorritako glosadore emakumeek ere kantatuko dute finalean; haiena izango da finalari hasiera emateko ardura. Guztira zazpi glosadore etorriko dira Herrialde Katalanetatik, Señora Sariketa ezagutzera.

Egun osoko egitaraua

Eguerdiko hamabietan kantu-poteoan elkartuko dira bertsolari, bertsozale eta antolatzaileak, eta 14:30etan elkarrekin bazkaltzeko aukera izango

dute gerturatutakoek. Finala 17:00etan hasiko da Leitzako Herri Aretoan, eta ondoren, gurdi-poteoa ere izango da. Gauean, berriz, DJ Txillardegi

eta Lilith Selektah arituko dira Leitzako Atekabeltz gaztetxean 23:30etatik aurrera.

Zer da ‘Señora sariketa’?

Iaz egin zuten hainbat bertsolarik eta bertsozale feministek lehen Señora Sariketa, tokiko eragileekin eta mugimendu feministako kideekin

elkarlanean, "bertso plaza berriak sortu eta emakumeei zein azpiratutako identitateei ikusgarritasuna emateko asmoz". Antolakuntzak adierazi duenez, "belaunaldien arteko aliantzak sendotzea dute helburu, ahalduntze kolektiboaren bidetik, betiere, lurraldetasuna aintzat hartuz".

Zergatik “señora” hitza? "Andre zaharrarekin eta bakardarearekin loturiko kontzeptuari buelta eman nahi" izan diotela azaldu du Maider Arregi bertsolari eta antolatzaileak: “Emakume indartsu bat da señora bat, ahaldunduta dagoena”.

Kateorratza, aurtengo irudia

Aurtengo sariketak hautatutako sinboloa kateorratza da, eta antolakuntzak adierazi duenez, “señora guztiak” ordezkatu ditzakeen tresna omen delako hautatu dute: “Makarren txapetan dago, punkyen belarritakoetan eta adinekoen zapietan”.

Aldi berean, kateorratza zorrotza dela eta denak elkartzeko balio dezakeela adierazi dute.