Gipuzkoako Senideak, Babestu Bizkaiak eta Babestu Arabak, egoitzetako senideen EAEko hiru elkarteek, egin diote idatzia Jaurlaritzari. Denbora luzez herrialdeetako foru aldundietako Gizarte Politikako Sailei adierazitakoa errepikatzen baino ez direla ari dio idatziak. Osasun larrialdi honetan erakunde publikoak beraien irudia garbitzeko adierazpenak egiten ari direla salatu dute.
Foru aldundiei egindako kexa eta eskakizun berbera luzatu die Jaurlaritzari, “ea horrela administrazioaren jokabidea aldatzen den ikusteko, bai Eusko Jaurlaritzatik, Gizarte Zerbitzuen erakunde arautzaile gisa, bai foru aldundietatik”.
Zortzi eskaera zehatz egin dituzte adinekoen eta menpekotasuna duten egoitzetarako.
- Langileentzako eta erabiltzaileentzako premiazko testa.
- Egoitza guztiak langileak babesteko beharrezko materialez hornitzea. "Ezin da onartu egoitza bakoitza bere kasa jardutea".
- Instalazioak desinfektatzeko neurriak hartzea.
- Langileei prestakuntza egokia ematea protokoloen jarraipenari buruz eta ikuskapen-kontrolak berehala aktibatzea, kontrol horiek betetzen direla ziurtatzeko.
- Zentro guztietan arreta soziosanitarioa areagotzea, medikuak, erizainak eta laguntzaileak kontratatuz.
- Egoitzak medikalizatzea, lekualdatzeak eta, batez ere, egoiliarren konfinamendua behar bezala bideratzeko eta behar den arreta teknikoa falta ez dadin.
- Erabiltzaile bakoitzaren gaitasun eta aukeren araberako bideokonferentzia bidezko komunikazioa erraztea. Ez du ezertarako balio aparatu teknikoak eskuratzeak, gero ez badira erabiltzen eta ez bada erabiltzen direla gainbegiratzen.
- Lan-osasunaren arloko jarduera-protokoloak eguneratzea eta prebentzio-neurri eraginkorrak ezartzea, birusaren hedapena saihesteko eta langileak eta erabiltzaileak behar bezala babesteko.
Gogorarazi nahi izan dute adinekoak egoitza barruan isolatzen badituzte ere, babeserako ekipamendu egokiak ez badituzte eta testak egiten ez bazaizkie, langileek egoiliarrak kutsatzeko arriskua dagoela.
Senideen hiru elkarteek beste hainbat elkarte eta sindikaturen babesa izan dute. Adinekoekin lotuta: Pentsiodun Sarea, Arabako Pentsionistak Lanean, Pentsionistak Martxan, Duintasuna, Gipuzkoako foru eta udal administrazioko erretirodunen elkartea. Bestelako elkarteak: Elkartzen, Bilgune Feminista, Ikasle Abertzaleak, Askapena, Eginaren Eginez, Arabako SOS Arrazakeria, Asamblea de Parados. Sindikatuak: LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, Steilas, SATSE eta USAE. Eta auzo elkarteak: Zazpigarren Alaba, Judimendikoak, Erreka Txiki, Betiko Gasteiz, Errota Zaharra, Bost Urki, Gasteiz Txiki, Uribe Nogales, Aranako, Ipar Arriaga, Gure Uuzune, Kaleartean, Zabalgana Batuz, Hegoaldekoak, Adurtzakoak eta San Martín.
Apirilaren 3an Babestu Bizkaia senideen elkarteko kide batekin hitz egin zuen ARGIAk eta Foru Aldundiaren isiltasuna eta Bizkaiko egoitzen kontrol gabezia kritikatu zituen. Bilboko egoitza batean bizi den bere amaren egoera ere kontatu zuen, “zaharrak ahulenak direla diote eta egoitzetan ez dago inolako kontrolik” elkarrizketan.