Etxeratek deituta, euskal presoen ehunka senide agertu dira igandean Bilboko Bizikidetzaren plazan. Garai berri honetan salbuespen legeak "behin betiko" desager daitezen eskatu dute eta dispertsioaren amaieraren irakurketa egin dute. Olatz Iglesias eta Belen Aurrekoetxea izan dira bozeramaileak.
1987an, 500 bat euskal preso urrundu eta sakabanatu ziren 79 espetxetan, eta gehitutako zigor horrek luzaroan iraun du. "Hori ez zen inoiz gertatu behar", gaineratu dute. Era berean, hiru hamarkada eta erdian gizarteak egin duen lana azpimarratu dute: "Lan nekaezinak, konpromiso politiko eta sozialak, mobilizazioek, azken batean, gizarteak presoak Euskal Herrira ekartzeko duen inplikazioak fruituak eman ditu".
"Sufrimendurik muturrekoena" atzean utzi duten honetan, familiarteko guztiak gogoratu nahi izan dituzte, "gurekin ez daudenak, eta beren seme edo alaba presoak bisitatzen jarraitu ezin izan zutenak". Gainera, "besarkada beroa" bidali diete kartzelan sakabanatuta geratu diren 16 pertsonen familiei.
Halaber, eskerrak eman dizkie eraman behar izan duten "motxila astuna arintzen lagundu duten" pertsona eta erakunde guztiei; autobus gidariei, Mirentxineko gidari boluntarioiei eta bisitaldietarako lagundu dietenei.
Uste dute, garai berri honetan, salbuespen legeak "behin betiko" desagertu behar direla, "gure senideek etxera itzultzeko bidea amai dezaten, eta horrek, zalantzarik gabe, aurrera egingo du herrialde honetako bizikidetzaren eraikuntzan".