Senideek astean behin bisitatu ahal izango dute egoiliarra, aurrez antolatu beharko da bisita eta egoiliarrik ez dagoen toki batean elkartuko dira.
Sei aste daramatzate egoitzetako erabiltzaileek itxialdian eta ez dute ez senide ez gertukoen bisitarik jaso. Komunikazioa bitarteko telematikoen bidez baino ez dute izan. Babestu Bizkaia senideen elkarteak asteak daramatza kritikatzen Foru Aldundiaren kudeaketa. Informazioa jasotzeko arazo handiak izan dituztela salatu izan dute eta senideekin nahi baino askoz gutxiagotan komunikatzeko aukera izan dutela.
Foru Aldundiak adierazi duenez, egoiliar eta langile guztiei testak egitea erabaki da eta beraz kutsatzeak saihestea errazagoa izango da. Egoitza askotan erabiltzaile zein langile guztiei egin zaizkie probak.
Bisitak jasotzeko aukera osasuntsu egon eta positibo eman duen jendearen ondoan egon ez diren egoiliarrek izango dute. Astean bisita bat, eta ahal dela kide bera. Aurrez antolatu behar da bisita eta kutsatzeko arriskurik gabeko toki batean bilduko lirateke. Babes neurriak jarri beharko dituzte eta metakrilatozko horma gardena izango dute tartean.
Gaixotasuna gainditu eta PCR testean negatibo eman dutenek ere bisitak izango dituzte. Besteen baldintza berdinetan, baina egoiliar hauek harreman fisikoa izateko aukera izango dute.
Nork ez du bisitarako aukerarik izango?
Positibo eman dutenengandik gertu egon direnek, sintomak dituztelako testa egin eta emaitzen zain daudenek eta positibo eman dutenek. Hiru salbuespen daude: hil-hurren direnak, egoera kognitiboagatik bestelako komunikazio harremanak ezinezkoak direnean, eta egoera psikologiko eta emozional oso larrietan.