Sendagorta anaien esanetan Senerrek “hazkunde nabarmena” izan du azken urteotan eta negozio aeroespaziala eta defentsakoa “fakturazio osoaren %25-30ekoa” da. Hurrengo bost urteetan, “%15eko hazkundea” espero dute.
50eko hamarkadan Sendagorta familiak Getxon sortu zuen Sener enpresak, industria aeroespazialari eskainitako lantegi berria izango du Zamudion (Bizkaia). Hasierako inbertsioa 25 milioi eurokoa izango da, eta aurreikusitakoaren arabera, 2025erako egongo da martxan. Astelehen honetan, hilak 30, egin dute lehen harriaren ezarpen sinbolikoa eta horretan lagundu du EAEko lehendakariak.
Teknologia aeroespazialen garapenean eta produkzioan oinarrituko den lantegia izango da: sistema elektromekanikoak, zuzentze eta doitasun sistemak, optomekanikoak, jarduketakoak eta robotikoak eginez.
Israelekin loturak eta misilak
Senerrek alor militarrean egiten du lan, besteak beste. Duela hamarkada batzuk Israelek eginiko bonbardaketa batzuen harira, ikerketa bat abiarazi zuten Euskal Herriko hainbat eragile antimilitaristek, Senerrek herrialde honekin zituen loturak ezagutzeko. NAIZek gogoratu duenez, ikerketak ondorioztatu zuen Senerrek Israelekin kolaboratzen zuela: hegazkin erasotzaileen sentsoreak diseinatzen zituen, horrek Israelen bonbardaketaren helburuak zehaztea erraztuz.
Senerrek bestelako gatazka batzuetan ere azpikontrata gisa jardun izan duela azpimarratu du NAIZek: MBDA talde europarraren azpikontrata gisa, alegia. “Misilen hegalaren mugimendu kontrolatuaz” arduratzen zela adierazi du. Andres Sendagortak 2020. urtean ere berretsi zuen “Senerrek misilak ekoizteko Europako programa ia guztietan” parte hartzen duela.
Enpresak 30.000 metro koadroko azalera erosi du Zamudioko Bizkaia Parkean. Lehenengo fasean 8.000 metro koadro eraikiko dira. Obrak 2023ko abenduan hasi eta 20 hilabeteko iraupena izango du. 2025erako aurreikusten da emaitza.
Sener, Urkullurentzat “eredu”
Asteleheneko ekitaldian Urkulluk adierazi zuen Sener “eredu eta erreferente” dela, eta eskerrak eman zizkion egindako inbertsioagatik: “Zalantzarik gabe, lehen harri honek duela urte batzuk hasitako ametsari jarraipena emateko balioko du”. Gaineratu zuen bere erakundeak “euskal enpresen jarrera ekintzailea” bultzatuko duela uneoro, “txikienetatik hasi eta handienetara iritsi arte”.