argia.eus
INPRIMATU
Senegalgo Gobernuaren errepresioa salatu dute Iruñean eta Bilbon astearterako manifestazioa deitu dute
  • Fleming doktorearen plazatik abiatuko da manifestazioa 17:00etan. Macky Sall presidentearen "diktadura" bertan behera uzteko eskatuko dute, besteak beste, azken asteetan areagotutako errepresioari erantzunez. Gutxienez 12 gazte hil eta 500 atxilotu ditu gobernuak, haien aurka protestan ari zirelako.

Leire Artola Arin 2023ko ekainaren 06a
Larunbatean Iruñean egin zuten manifestazioa, Senegalgo demokrazia aldarrikatzeko. Argazkia: Ekinklik.

“Demokrazia salbatzeko”, Bilbon bizi den Senegalgo komunitateari asteartean manifestatzeko deia zabaldu diote. 17:00etan abiatuko dira Fleming doktorearen plazatik, Senegalgo Gobernuaren errepresioa eta neokolonialismoa salatzeko, beste aldarrien artean. “Macky Sall presidente ez-legitimoaren diktadurari ez” esateko eta gobernuaren aurka altxatzeko momentua dela ohartarazi dute antolatzaileek. Larunbatean Iruñean mobilizatu ziren salaketa bera egiteko.

Senegalgo Gobernuak errepresio eta indarkeria bortitzez erantzun die oposizioko gazteen protestei. Gutxienez 12 lagun hil, 500 atxilotu eta 150 kartzelaratu dituzte azken asteetan. Prentsa oharrean salatu dutenez, Macky Sall presidenteak urteak daramatza justizia instrumentalizatzen eta kaleak militarizatzen, helburu batekin: “Erresistentzian ari den Senegalgo gazteria beldurtzea eta indarkeria erabiltzea, eta horretarako balak eta negarra eragiteko gasak erabiltzeko agintzen du, bakean eta armarik gabe protestan ari diren zibilen aurka”.

Halaber, protestako beste arrazoi nagusietako bat da salatzea PASTEF oposizioko lider Ousmane Sonko-ri jarri dioten kartzela zigorra, gazteak galbideratzea egotzita. “Herritarren erdiek badakite konplot politikoa dela, 2024ko otsaileko hauteskundeetan irabazteko aukera guztiak dituen etsaia fisikoki akabatzeko”.