argia.eus
INPRIMATU
Senegaldarrak Monte Igeldoko giza zoologikoan
  • Arrazakeria zientifikoa asmatu zenetik, hamaika dira Europan zehar zabaldu ziren uste eta ideia arrazistak XIX. eta XX. mendeetan. Donostia, esklabo portu ohia izanik, ez zen zertan salbuespena izan. 1926an izan zen lehen giza zoologikoa.

Xalba Ramirez @xalbaram Irutxuloko Hitza @irutxulo 2024ko otsailaren 05
«Igeldo herrira atzo iritsi ziren senegaldarren taldetxo bat». Argazkia: 'La Voz de Guipuzkoa' (1926-07-11)

Ezer ez da betiko, eta ezer ez da betidanik. Donostia turismora bideratu zen hiria da, hala erabaki zuelako XIX. mendeko burgesiak. 50 urtean, 10.000 biztanle izatetik 40.000 izatera igaro zen, eta merkataritza hiria izatetik, bainuetxe hiri izatera; Europako burgesia eta aristokraziaren aisialdi leku nagusietako bat bihurtu zen hiria.

Baina hori horrela izateko, nazioarteko lehia gogorrean kartak ondo jokatu behar zirela eta, XX. mende hasieran hiria eraldatuko zuten hainbat proiektu jarri zituzten martxan: hotelak, kasinoak, bainuetxeak eta atrakzio parkeak.

Hiru izan dira Donostiak izan dituen jolas parkeak: Uliakoa izan zen lehena, 1902an irekia. Ategorrieta kaletik zetorren tranbiaz gain, teleferiko bat zegoen goraino: hirunaka jarritako sei kablez egina zegoen, eta bidaiariak garraiatzeko metalezko gondola haien gainetik igarotzen zen. Martutenen ere eraiki zuten Martutene Kursaala, eta egunean 2.000 bisitari izatera heldu zen: dantzalekua, gimnasioa, kafetegiak eta jatetxeak, kasinoa, haitzuloak, haurrentzako parkea, water-chute bat eta errusiar mendia zituen, besteak beste. Ordea, bi jolas parkeak itxi egin zituzten Igeldoko Jolas Parkea eraikitzerakoan.

«Atzerritarrak erakartzeko»

Laurentino Gomezen Jolas parkeen historia liburuan (Viena-Idazti, 2005) jasotzen da Igeldokoa irekitzeko eskaera: «Monte Igueldo sozietate anonimoaren nahia itsasargia eta dorrea barne hartzen dituen sozietatearen lurretan nagusiki atzerritarrak erakartzeko eremu bat zabaltzea da». 1912ko otsailaren 12an egin zen eskaera.

Denborarekin zaharkituta geratu den parkeak hainbat eskaintza zituen hasieran: funikularra, begiratokia, patinaje edo skating pista, animalien zoologiko txikia, railway-a edo mendi errusiarra —frankismoan Suitzar Mendia deituko zaiona, Sobietar Batasunarekiko etsaitasunagatik—, eta abar. Ordea, bada ia-ia inon agertzen ez den beste eskaintza puntual bat: senegaldarrez osatutako giza zoologiko bat.

Giza zoologiko bat

1926ko uztailean, senegaldar jatorriko hiru tribu kontratatu zituztela jaso zuen Gomezek, jendeari «haien bizimodua, gaitasunak eta usadioak» erakustera etor zitezen: «Talde handia zen, 102 afrikarrek osatua; zazpi arrazatakoak ziren eta haien artean hitz egiteko hizkuntza bera erabiltzen zuten; woloffa, alegia».

Jasotzen denez, «soilik bederatzi egunetan», railway-eko ingeniari arduraduna zen Arsenio Abiel Fharallek 24 etxolaz osatutako «herrixka» eraiki zuen. Pentsatzekoa da zer nolako baldintzak izango ziren.

giza-zoologikoa1

 

«Senegaldarren tribuko buruzagia, haientzat eraiki duten herrixka begiratuz».‘La Voz de Guipuzkoa’

«Senegaldar bizarroak»

La Voz de Guipuzcoa egunkariak jaso zuen berria, kazetariak gonbidatu baitzituzten «espektakulu ezin interesgarriagoa» jasotzera. «Donostiako historiaren efemeride» izango zela jasotzen da bertan: «Lehen aldia izango da beltzen kolonia bat ezarriko dela mendi euzkaro batean».

Kronikan jasotzen denez, La Rochelletik (Frantzia) itsasontziz pasatu ostean, Norteko geltokira heldu ziren. Ikuskizunaren datuak izango balira bezala zerrendatzen ditu «los bizarros senegaleses que van a ser nuestros convencinos»: «Zazpi urtetik beherako hemeretzi haur, zortzi 7-15 urtekoak, hogeita zazpi emakume, lau neskatila, eta gainontzekoak, adin guztietako gizonak».

Kazetariak honela jarraitzen du: «Mutiko bat ere ikusi genuen, besotzat muinoiak besterik ez zituena, eta horietatik hatz ñimiño batzuk ateratzen zitzaizkion».

Urrira bitarte aurreikusten zen egongo zirela bertan senegaldarrak. Bertan arituko ziren bisitarientzat musika jotzen, «instrumentu primitiboekin», eta hainbat lan eginez: zapatariak, jostunak, ehuleak eta piragua egileak omen zeuden.

Giza zoologikoak Europan

Ulertzeko erraza ez den arren, Europan modan egon ziren «giza zoologikoak 1870 eta 1930 urteen artean, batez ere. Bereziki Frantzian, Belgikan eta Alemanian, haien koloniako eta kolonia ohietako pertsonekin.

Ideia zen Afrikatik eta beste eskualde «azpigaratuetatik» etorritako hezur-haragizko emakume, haur eta gizonak jendaurrean erakustea. «Indigena basatiak» kaiola dekoratuetan agertzen ziren, askotan tximuen ondoan.

1948an Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartzearekin batera, mota honetako praktikak desagertzen hasi ziren, baina ez guztiz, noski. 1958an, oraindik, Bruselako lehen mailako Erakusketa Orokorrean familia afrikar osoak banbuzko kaiola txikietan izan zituzten. 41 milioi bisitari hurbildu ziren presoak ikustera, elikatzera eta laztantzera. Horkoa da haur beltz baten argazki ezagun-ezagun bat. 2022an, Belgikako erregeak barkamenak eskatu zizkion Kongoko Errepublika Demokratiko herriari kolonizazio garaian egindako gehiegikeriengatik.

Donostiara senegaldarrak ekarri zituena enpresaria Fournier jauna zen eta bera izan zen Parisko erakusketa unibertsalean Ghanako talde bat eramatearen arduraduna. Madrilen ere izan ziren hainbat giza zoologiko, Filipinetatik etorritako herritarrez osatuak, besteak beste.

Itxuraz, ez da gisa horretako giza zoologikorik izan berriz ere gurean. Edonola ere, behin gertatu izana gehiegi da. Ez litzateke sobran egongo atzera begiratu eta gure iragan esklabista, kolonialista eta arrazista aztertu, kritikatu eta, behin hasita, kontuak eskatzea.