2017an jarri zuen Fanny Dalla-Betta laborariak Lilizain proiektua martxan, Zuberoako Ürrüstoi-Larrabile udalerrian. Bere amona eta izeba laborariak ziren, eta txikitatik izan du landa eremuarekin harremana. “Nire proiektua abiatu baino lehen, duela hamabost urte inguru, beste laborarien etxaldeetan formatzen eta lanean hasi nintzen. Gero, Hazparnen laborantza-ikasketak egin nituen, eta baita belarren ingurukoak ere”. Prestakuntza eta esperientzia nahikoa bazuela sumatu zuenean, bere proiektuari ekin zion.
Etxalde dibertsifikatua da Lilizain: sendabelarrak eta landare usaintsuak ekoizten ditu batik bat, baina artaldea ere badu, eta axuriak saltzeaz gain, artilea balorizatzeko lanean dihardu beste bi kiderekin batera, feltrozko produktuak egiten. “Nire helburua giza-eskalako etxalde biologiko txiki bat martxan jartzea zen, horretatik bizitzeko eta Euskal Herrian ditugun sendabelarrak ezagutzera emateko”, azaldu du. 30 inguru landare ekoizten ditu Dalla-Bettak, ondoren, horiek lehortuta, lore-ur eta olio esentzial bezala saltzeko.
“Landare iraunkorrak dira horietako zenbait, melisa, oreganoa, ezkaia edo berbena kasu. Beste batzuk, berriz, urterokoak dira: nabar-lorea, ilena, albahaka… eta, azkenik, badira etxalde inguruan bere kasa ateratzen direnak eta nik biltzen ditudanak: ezkaia, intsusa, asuna...”. Horiek lehortzeko prozesu naturala darabil Dalla-Bettak, eguzkitan zabalduta eta hezetasun-kengailuaren laguntzaz. Olio esentzialak egiteko, berriz, alanbikeaz baliatzen da: “Produktuok zuzeneko salmenta bidez merkaturatzen ditut, Donapaleuko eta Mauleko azoketan eta kontsumo taldeen bidez”. Hurbileko zenbait denda biologikotan ere saltzen ditu.
Traktoreak eta bestelako makineria mekanizatua guztiz zabalduak dauden garaiotan, animalia-trakzioaren aldeko apustua egin zuen hasieratik Dalla-Bettak. “Zaldiak sekulako agronomia lana egiten du, eta oso zehatza da gainera”, azaldu du. Erregaiekiko dependentzia ekiditeaz gain, animaliarekin lotura berezia sortzen dela dio ekoizleak.
Sendabelarren ekoizpen nagusiarekin batera, 50 bat buruko artaldea ere badu laborariak, urte osoan aire librean izaten duena: “Lursailak mantentzea eta landareen eta animalien artean sistema orekatu bat sortzea da ideia”. Mauleko hiltegi biologikora daramatza axuriak, eta bezeroei haragi loteak zuzenean saltzen dizkie gero. “Emakumezkook gidatutako hiru etxaldeetako artilea ere biltzen dugu feltrozko produktuak egiteko, ‘Les Bergères s’emmêlent’ proiektuaren baitan”. Larrua aprobetxatzeko, hurbileko larru-ontzaile batekin ari da lanean.