argia.eus
INPRIMATU
Argentinako Senatuak abortatzeko eskubideari ezetz esan dio
  • Abortatzearen aldeko lege proposamena bozkatu dute Argentinako Senatuan. 38 senatari aurka eta 31 alde agertu dira eta beraz, 1921eko legeak indarrean jarraituko du.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko abuztuaren 09a
Ekintzaile feministak Senatuaren kanpoaldean

Asteazkenean egin dute bozketa Senatuan eta 38 boto abortatzeko eskubidearen aurkakoak izan dira eta 31 aldekoak. Hamazazpi orduko eztabaidaren ostean egin dute bozketa eta emaitzak ikusita, Senatuak atzera bota du abortatzearen aldeko legea. Beraz, 1921eko legeak jarraituko du indarrean, bortxaketa kasuetan edo amaren bizitza arriskuan dagoenean abortatzeko aukera eskaintzen duena, besteak beste.

Argentinako Adolfo Rubinstein Osasun ministroaren arabera, urtean 350.000 emakume inguruk ezkutuan abortatzen dute. Aldiz, Gobernuz Kanpoko Erakundeek diote. 500.000koa dela kopuru hori.

Mauricio Macri Argentinako lehendakaria, hasieran “biziaren alde” agertu arren, diskurtsoa moteltzen joan da. Ostera, Gabriela Michetti lehendakari ordea, abortuaren aurka azaldu da, baita emakumea bortxatua denean ere.

Senatuaren kanpoaldean bi kolore nagusitu dira:abortatzeko eskubidearen aldeko zapien berdea eta aurkakoen urdina. Hainbat lagun senatura sartzen ahalegindu da eta poliziak negar-gasa jaurti die.