argia.eus
INPRIMATU
Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik
  • Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko martxoaren 15a
Laborariak Iruñeko Gazteluko plazan otsailaren 8an. (Argazkia: X. Letona)

Otsailaren 6an traktoreek eta txaleko horiz jantzitako laborariek Nafarroako errepideak hartu zituzten eta harrez gero, era batera edo bestera, Nafarroako errepideetan eta bereziki Iruñeko kaleetan daude haien aldarrikapenekin.

Tarte horretan, UAGN eta EHNE sindikatuak, eta UCAN elikagaien kooperatiben elkarteak hainbat bilera izan dituzte Nafarroako Gobernuarekin. Adostutakoak Espainiako Gobernura eraman ditu Nafarroako Gobernuak eta datorren astelehenean berriz elkartuko dira egindakoak aztertu eta bide berriak urratzeko.

O6ko nekazariek ere publikoki adierazi izan dute bilera horietan parte hartzeko nahia, baina Aierdi kontseilariak erantzun die edo beste sindikatuen bidez bideratzen dutela parte hartzea edo elkarte gisa eratuta. Bigarren bide honi ekin diote O6-ko nekazariek eta Semilla y Belarra izen elebiduna duen elkartea sortu dute. Hala ere, O6 mugimenduak bere horretan jarraituko du, haren kideek jakinarazi dutenez.

Elkarte berriak, oro har, nekazaritza eta abeltzaintza hobetu eta modernizatu nahi dituela adierazten du bere estatutuetan. Ekoizpen errentagarriak nahi dituzte, elikadura segurua eta kalitatezkoa; nekazari jarduera eta ingurumenaren arteko oreka; eta Nafarroan diren ikerketa eta garapen programekin bat egin nahi dute. Horrekin guztiarekin, landa guneak erakargarri egin nahi dituzte haietako bizilagunek han bizitzen jarrai dezaten.

O6-arekiko susmo eta esamesak

Denetik aipatu izan da O6 mugimenduari buruz, batez ere Voxek eta eskuin muturreko eragileek hura erabiltzeko saioa egiten ari direla. Bestelako iritzietan, mugimenduan era guztietako nekazariak daude. Otsailaren 15ean Iruñean manifestazioa deitu zuen mugimenduak eta milaka lagun bildu zituen egun hotz eta euritsuan.

Sindikatuak ere hasieratik agertu dira uzkur mugimenduarekin. Esaterako, ez zuten deirik egin aipatu manifestaziora joateko eta haien militanteei libre utzi zieten joan ala ez erabakitzea. Ondoren, martxoaren 4an haien arteko lehen bilera ofiziala egin zuten harremana bideratzeko.

Martxoaren 7an O6ko kideetakoek Nafarroako Legebiltzarrera indarrez sartzeko saioa egin zuten. María Chivite lehendakariaren etxe inguruan ere egin izan dituzte protestak eta mugimenduko nekazari batzuk “puta” moduko irain matxistak luzatu zizkioten martxoaren 4an Erriberriko ekitaldi batean. Ondoren mugimenduko bozeramaileek bi egunetako gertaerak arbuiatu dituzte.

Polizia indarrek oro har haiekin izan duten malgutasunak ere elikatu izan ditu susmoak, bestelako mobilizazioen aurrean Poliziaren indar erabilera eta isunen dantza oso bestelakoa izaten baita.