Iñaki Gorroño Gernikako Udaleko zinegotziak bidaia bat egin zuen Cracoviara bere semeak lagunduta, eta semearen bidaia diru publikoz ordaindu zuen. Gaiak polemika sortu du herrian, eta EH Bilduk bere dimisioa eskatu zuen. Hala, Gorroñok 879 euro itzuli ditu udalbatzara, bidai-txartelaren zenbatekoa, El Correok jaso duenez.
Iñaki Gorroñok esan du semeak “itzultzaile” lanak egin zizkiola Cracovian, eta horregatik lagundu zuela. Bere taldeak –Eusko Abertzaleak talde independenteak eta EAJk osatutako koalizioak– EH Bilduri egotzi dio Gorroñoren alderdiaren aurkako kanpaina abiatu duela, “gorroto dituztelako”.
Gernikako Udala Auschwitzeko askapeneko 73. urteurrenera gonbidatu zuten, eta Iñaki Gorroño joan zen Udalaren ordezkari gisa. Diputatuak onartu du semea gonbidatu zuela, ingelesez dakielako. Aferaren zantzurik ez da agertu harik eta oposizioak Udaleko aurrekontuetan 1.759,75 euroko faktura aurkitu duen arte. Bertan, zinegotziaren izenaz gain, bere semearena ere agertzen zen.
Gorroñok bere burua defendatu du esanez bere semea ez balu Cracoviara gonbidatu, gutxienez 3.000 euroko ordaina beharko lukeela itzultzaile profesional bat kontratatzeko. Horrela, Udalak dirua aurreztu zuela dio.
Diputatuaren azalpenak are gehiago haserretu ditu EH Bilduko kideak: “Publikoa pribatuarekin nahasten duen batek ezin du gernikar guztien dirua kudeatu. Bere kargua utzi behar du”.